FranckDolosor

Bozka: boz bat boz bat baita

2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun hauetan, Miarritzeko zenbait gazte harritu dira hauteskunde kanpaina egiten ari diren hautagai batzuekin solas egin izan dutelarik. Bozkatu behar dugu? Zergatik zehazki? Galdera horiek zintzoki bota dizkiete ez baitzekiten batere martxoaren 15ean eta 22an herriko bozak egiten direla Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Menturaz, hegoaldeko anitz kasu berean daude. Alta, boz bat boz bat da, eta bakoitza garrantzi handikoa da herrien etorkizuna marrazteko eta jendartea molde batez edo bertzez eraikitzeko.

Nafarroa Garaian 2015ean, ez zen gauza bera izan Yolanda Barcina eskuindarrak 24 ordezkariren babesa izatea eta Uxue Barkos euskaltzaleak 26rena lortzea. Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluan berdinketa gertatu zelarik zentro-eskuina eta sozialisten artean, abertzaleen ordezkari bakarrak izan zuen gakoa, eta, azkenean, garaipena eta presidentetza Jean Castaing eskuindarraren esku gelditu zen. 

Arabako Errioxako herri bateko udaletxean, agintari aldaketa gertatu izan da bi bozen aldearengatik bakarrik. Duela sei urte, gauza bertsua gertatu zen Biriatun, eta aurten ere hamazazpi bozengatik galdu du Michel Hiriartek. Hego Lapurdiko bertze herri batean, duela zenbait hamarkada, gehiengoak 11 hautetsi zituen eta oposizioak hamar. Noizean behin batek iritziz aldatzea aski izaten zen gehiengoa alde batean edo bertzean izateko. Nahiz eta denbora luzea iragan den, batzuek ez dute sekula barkatu, boz bat boz bat baita eta garrantzi handikoa bistan dena.

2014an, Jean Rene Etxegarai zentrista Henri Etxeto sozialistari nagusitu zitzaion bakar-bakarrik 26 bozen abantailari esker. Aurten, Etxetoren taldeak eta Jean Claude Iriart abertzalearen orotariko zerrendak bat egin dute igandeko bigarren itzuliari begira. Euskaltzalea talde berriaren zerrendaburu izendatu dute Etxetok baino 117 boz gehiago bildu baitzituen joan den igandeko lehen itzulian. Argi da, beraz, boz bakar baten edo boz guti batzuen munta zenbatekoa den.

Heldu den igandean, Etxegaraik eta Baionako orotariko ezker batuak eskuin muturra ere izanen dute parean. Le Pen zaleek bozen kopurua hirukoiztu dute sei urtez Lapurdiko hiriburuan, eta bozen %10aren heina gainditurik, bigarren itzulian parte hartu ahal izanen dute. Abstentzioa ttipiagoa izan balitz, beharbada ez zen holakorik ikusiko Baionan, baina boz bat boz bat da. 

Noiz arte gainera? Euskal Herrian, eskuin muturra agintean ikusi dugu jadanik ez hain aspaldi Francoren diktadurarekin, alde batean, eta Hitler naziaren lau urteko okupazioarekin Bidasoaren iparraldean. Gure zazpi lurraldeetan bozkatzeko eskubidea ez da hain aspalditik bermatua. Zaindu eta goza dezagun, beraz, boz bat boz bat delako. 

Dena den, kasu, politikan bat eta bat ez direlako beti bi. Kotte Ezenarro Hendaiako sozialistak ongi ikusi du hori, zentro-eskuineko oposizioarekin aurkeztu duen zerrenda bateratuak ez baititu duela sei urteko emaitzak gehitu. Gisa berean, Baionako ezker batu berriak bere apustua lortuko ote du? Lehen itzuliko ezkerreko boz guzien gehitzea erdietsiko ote du Etxegarai nagusitzeko? Geroak erranen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!