Saioa Baleztena Rudi.
MELE

Datorren bizia

2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Gizartearekin izango duzun lehen kontaktuan, maskaraz estalitako aurpegiak ikusiko dituzu bakarrik. Testuinguruan jarriko zaitut, nahiz eta zuk bertze agertokirik ez duzun ezagutu: mundu mailako pandemia baten ondorioz, hiru hilabetez etxean itxita egon ondotik, orain dena da desberdina. Bukatu dira familiaz haratagoko besarkadak eta muxuak. Zure anaia oraindik ez da ohituratu gu maskarak jantzita ikustera eta besoetan hartzen dugun bakoitzean irmoki kentzen dizkigu, hark bai ezagutu baitzuen koronabirusaren aurreko mundua.

Pandemiaz haratago, azken urteetan neke sintomak bertzerik erakutsi ez dituen planeta hau zaindu beharko duzu, gainera. Eta, zoritxarrez, lan prekaritatea nagusi den mundu batean sortuko zara. Batez ere, etorkizunean sorkuntzarekin zerikusia duen ogibideren bat aukeratzen baduzu. Zer erranik ez, gurasoak bezala, kazetaria bazara: ez onartu sekula inork zure lana guttiestea.

Neska bazara, hamarkada gehiegitan eraikitako matxismo estrukturalari aurre egitea tokatuko zaizu: baliteke, goizeko ordu ttikitan etxera bakarrik itzultzean beldurra pasatzea, edo lanean zuzendaritza ardurak hartzeko gizonezkoek baino arazo gehiago izatea... Hala bada, atta eta biok hortxe egonen gara zu ahalduntzeko, zalantzarik ez izan. Mutila bazara, gure erronka izanen da, anaiarekin egiten ari garen bezala, feminismoan hezi eta berdintasunaren aldeko konpromisoa oinordetzan uztea.

Tira, ez zaitut aldez aurretik beldurtu nahi, baina, nire ardura ere bada inguruan izango dituzun mehatxuak jakinaraztea. Hori bai, zailtasunak zailtasun, mundu ero honetan bizitzak merezi du. Eta nik buru-belarri lan eginen dut zuri mundu hobeago bat uzteko. Seguru nago, zeuk ere, barruan hazten ari zaren bizitza honek, berdin eginen duzula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.