Maialen Arteaga.
MELE

Denbora

2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Gaurko parrandan ez duzu ikusi, egia esan, denbora da elkar ikusi ez duzuela. Pentsatu duzu agian kalitatezko denbora eskaini beharko zeniokeela harreman horri, baina zalantza duzu ea horretatik gelditzen zaizun, azken batean, zer da ba «kalitatezko denbora»? Horretatik gutxi baldin baduzu eta bestetik asko, kalitatezkoa ez den zure denbora hori guztia zein denbora mota da? Bueltak ematen hasi zara.

Zergatik da «denbora librea» laneko zortzi orduetatik at dagoen beste guztia, hamasei ordu horiek guztiz libreak ez baldin badira? Zergatik da «denbora galdua» denbora libre horretan egin beharko zenukeena ez egitea? Eta zergatik da denbora aprobetxatzea denbora luzeagoan egitekoa denbora laburragoan lortzea? Zer da laburra? Zer luzea? Produktiboa behar lukeen arratsalde batean sofan etzatea antikapitalista dela iruditu zaizu segundo batez.

Zergatik deitzen zaie denbora pasei «denbora pasak»? Zergatik dira uda bi hilabete, eta udara arteko beste guztia hamar? Desorekatua iruditu zaizu. Oporretarako helmuga bat noiz dago urruti eta noiz gertu? Zein da hori neurtzeko irizpidea? Mapsen arabera Baiona eta Bilbo artean ordu bat eta 47 minutu baldin badaude, zergatik iruditzen zaizu Baiona urrunago dagoela Bilbotik, Bilbo Baionatik baino? Zergatik ditu egunak 24 ordu? Eta zergatik bilakatzen dira otsailaren 29an lau urtetan pilatzen diren orduen soberakinak?

Udako azken parrandan txiza egiten zaude eta laster iraila dela konturatu zara. Azaroaren 30eko greba orokor feministaren kartela duzu parez pare, eta ondoan «Maitia, denbora ihesi doa» dioen margoketa bat errotulagailuz idatzita. Bi leloen artean justizia poetikoa darion sinbiosi bat dagoela iruditu zaizu. Gaur, hiru hilabete baino ez greba feminista orokorrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.