Herenegun plazaratu ziren Kataluniako CEOren hauteskunde aurreikuspenak, eta iragartzen dute eskuin muturrak presentzia handia edukiko duela Kataluniako Parlamentuan. Bi alderdik —Voxek eta Aliantza Katalanak— jasotzen dituzte eskuin muturraren botoak Katalunian, nazio ikuspegitik bakoitza mutur batean badago ere: espainiazalea da aurrenekoa, independentziaren aldekoa bigarrena.
Inkestaren arabera, PSCk eutsi egingo lioke oraingo emaitzari, 42 eserleku bilduta; Juntsek, 35etik 30era jaitsi, eta galera handia edukiko luke; ERC 20tik 23ra igoko litzateke; PPk dauzkan hamabostei eutsiko lieke; Vox 11tik hamahirura igoko litzateke; Aliantza Katalana bitik hamarrera pasatuko litzateke, eta, Comukoak seirekin eta CUP laurekin, berdin geratuko lirateke.
Aliantza Katalanaren aurreikuspen ona da, inondik ere, inkestako datu nagusia. Duela hiru hilabete egindako inkestan ere antzeko igoera eman zioten Aliantza Katalanari; beraz, pentsatu beharko dugu eskuin muturreko alderdi independentziazale eta islamofoboaren aldeko joera iraunkorra dela, eta ez zirkunstantziala, bi eserlekutik hamarrera igotzea ikaragarrizko hobekuntza da eta.
Nondik hartzen ditu Aliantza Katalanak boto emaile berriak? Juntsetik nagusiki, eta, neurri txikiagoan, ERCtik eta CUPetik.
Azken CEOren datu interesgarri bat: independentzian alde daudenen ehunekoa %38tik %40ra igo da.