martxelo otamendi

Antisemitismoa, antisionismoa...

2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Bero dabiltza AEBetako unibertsitate batzuetako ikasleak, Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko aspaldi ikusi gabeko mobilizazioak antolatzen. Columbiako unibertsitate prestigiotsua —Jose Antonio Agirre eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak irakasle izan ziren unibertsitate horretan— izan da beste behin unibertsitateei iparra erakutsi diena.

Mobilizatzeko tradizioa dauka Columbiak, horrela egin baitzuen 1968an, Vietnamgo gerran AEBek esku hartzearen aurka. Ikasle haien bilobak dira asteotan unibertsitateko campusean kanpatu eta Israelgo Gobernuaren jokabidea eta AEBetakoaren hipokrisia salatzen ari direnak.

AEBetako unibertsitateetako itxialdiak deuseztatzeko errektoretzek eta politikariek erabili dituzten argudioak entzun ditugu lehenago Europako hainbat herrialdetan, Israelen aldeko agintariek maite ez dituzten mobilizazioak murrizteko. Manifestazio horiek helburu antisionistak, antisemitak eta antijudaistak dauzkatela esaten entzun diegu Atlantikoaren bi aldeetako hainbat gobernubururi. Aitzakia hutsa da, manifestarien helburu bakarra Israel Palestinan egiten ari den hilketa kolektiboa bukatzea delako, eztabaida terminologikoen sare tranpatian jausi gabe.

Eta Israelek amore ematen ez badu, ikasle horien gobernuek Israel diplomatikoki bakartzea. Horixe eskatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.