martxelo otamendi

Auzitegietako ipotxa

2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Egunkari guztietako dokumentazio zerbitzuan dagoen ipotxaren jokaldi maltzurra ote da astelehenean berripaper honetan irakurri genuen albistea, zeinaren arabera aukera handia dagoen bertan behera geratzeko Bizkaiko Aldundiak 227 lanpostu egonkortzeko daraman prozesua? Albisteak 2024ko otsailaren 26ko data dauka. Badirudi delako ipotxak 1984ko otsailaren 26ko albiste bati data berrogei urtez aurreratu egin diola, eta data hartan jaio gabe zegoen kazetari baten sinadura jarri diola.

Ez, bada, ez da ipotxaren adar jotzea izan, baizik eta administrazioarekiko auzien epaitegiaren benetako erabakia. 40 urteren ondoren, 40!, errotari jiraka segitzen du astoak. Betiko kontua, egonkortu nahi dituzten 227 lanpostu horietan euskaraz jakitea eskatzeak lehiatik kanpo uzten dituela erdaldunak. Horrelako erabaki asko denbora laburrean, magistratu kixotezale baten gogorkeria hutsa da edo giroa prestatzen ari dira batzuk Gasteizko Legebiltzarrak onartu berria duen Hezkuntza Legeari hegalak mozteko?

Dokumentazio zerbitzuko ipotxak hala nahiko lukeen arren, ez dezagun sekula bistatik galdu Espainiako Auzitegi Gorenak hartu zuen erabakia: Kataluniako eskoletan ikasgaien %25 gaztelaniaz eman behar zituztela. Gu izan gaitezke hurrengoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.