Ba ote dago EH Bilduri botoa ematen dion ertzainik? Bai, noski, uste dugun baino ertzain gehiagok ematen diote botoa EH Bilduri. Ez, noski, gizartean daukan kuotaren parean, baina pentsatzen dugun baino gehiago.
Hiru aldi eduki ditu Ertzaintzak sortu zenetik. Hasierako urteetan, familia jeltzaleetako seme-alabak sartu ziren —ia denak semeak —. Ertzaintza ETAren aurkako borrokan hasi zenean, seme jeltzale dezentek utzi zuten Ertzaintza, eta bigarren aldia hasi zen: asignazio politikorik gabeko gazteak sartu ziren. Hirugarren aldia duela hamabost urte hasi zen: gimnasioetako ertzainak deritzanak hasi ziren sartzen, asko politikoki Espainiako eskuinarekin eta eskuin muturrarekin lerratuta; lepotik beherako giharrak dezente gehiago lantzen dituztenak lepotik gorakoa baino. Ezin da jakin, bistan da, ertzainen joera politikoa, baina oso urruti egongo da Gasteizko Legebiltzarraren osaketatik.
Zer egin behar du Ertzaintzarekin egunen batean Eusko Jaurlaritza hartuko duen EH Bilduk? Bizkarra ematen segitu eta mentalitate espainiarreko gazteekin nola betetzen den ikusi, edo inguruko gazteak sartzen hasi eredua aldatzeko lana, eraginkorra izatekotan, barrutik egiten hasi behar delako? Erabaki zaila dauka EH Bilduk. LABek ez dauka atal sindikalik Ertzaintzan.
Ertzaintzarako esandakoak Foruzaingorako berdin balio du.