Bruselan arreta eta kezka handiarekin segitutako bi hauteskunde egin zituzten herenegun Europako Batasuneko kide diren bi herrialdetan: lehen ministroa aukeratu behar zuten Portugalen, eta lehendakaria Errumanian. Portugalen eskuin muturrak —Chegak— ezinezkoa zuen irabaztea, baina kezka zen bigarrena geratuko ote zen, eta zenbat igota. Errumanian eskuin gogorrak eta eskuin muturrak bat egin zuten George Simion babesteko estrategian, eta herrialde horretan, Portugalen ez bezala, aukera handia zeukaten irabazteko. Badirudi lasaitua —erlatiboa, noski— hartu duela Bruselak.
Portugalen, AD eskuin europazaleak irabazi zituen hauteskundeak, eta, gutxigatik bada ere, PS Alderdi Sozialista bigarren geratu zen, Chega eskuin muturra hirugarren lekuan utzita. Alderdi sozialistak inoizko emaitzarik txarrena izan du, eta Pedro Nuno hautagaiak dimisioa eman beste erabakirik ezin zuen hartu. Noren babesarekin izan nahiko du lehen ministro Luis Montenegro ADko hautagaiak, zigorra jaso duen ezkerrarekin edo gorantz datozen ultrekin?
Errumanian, aitzitik, aukera handia zegoen Simion ultra errusiazaleak irabazteko, baina Bukaresteko alkate liberal Nicusor Danek moztu dio bidea, Simionen atzean dagoen eta benetan agintzen duen Calin Georgescuk askori eragiten dion beldurrak lagunduta.