Duela 35 urte Egunkaria Sortzen taldera batu ziren euskaltzaleek bidean jarri zizkieten zailtasun politiko eta ekonomiko guztiak gaindituz sortu zuten egunkari hark —Euskaldunon Egunkaria-k— bide luzea egin du, luzea, aberatsa eta emankorra. Bi alditan: Egunkaria, 1990-2003 artean, eta BERRIA, 2003tik aurrera.
Zutabegile honek aitortzen du bere kasua ez dela onena esateko erreleboak —aire freskoak dakartzan ideia eta lan modu berriengatik— onak direla erakundeentzat. Igaro den asteburuan iritsi zaie erreleboa azken hamabi urteotan BERRIAren ardura nagusia eduki duten Beatriz Zabalondo lehendakariari eta Iban Arregi kontseilari ordezkariari. Haien aurretik, Egunkaria-n eta BERRIAn ardura horietan egondako Joan Mari Torrealdaik, Joxemi Zumalabek, Iñaki Uriak, Joxean Lizarribarrek eta Joanmari Larrartek landutako bidetik eraman dute BERRIA Zabalondok eta Arregik, zama handiak gainean hartuta: bideragarritasun ekonomikoaren bermea, garai berrietara egokitzea, erakunde publikoekiko harremanak, sektorea trinkotzea…
Aitortu eta eskertu beharra dago biek ala biek, haien aurrekoek bezalaxe, askatasun handiz utzi diotela beti lan egiten erredakzioari, oso ohikoa ez dena komunikabideetan.
Zabalondok Jose Luis Aizpururen esku utzi du lehendakaritza, eta Arregik Elene Barandiaranen esku kontseilari idazkariaren ardura. Esku onetatik onetara.