Indarra hartzen segitzen du eskuin muturrak Europan. Astebeteko epean, arrakasta handia lortu du Erresuma Batuan eta Errumanian. Lehenengo herrialdean egindako udal hauteskunde partzialetan Reform UK alderdi euroeszeptiko eta immigrazioaren aurkakoa izan zen garailea, betiko bi alderdi handiak —Laborista eta Kontserbadorea— gaindituta.
Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen iazko azaroan presidentetzarako egindako hauteskundeen lehen itzulia, Tiktok sarean —Errusiaren eskua ikusita— eskuin muturreko hautagai Calin Georgescuren aldeko kanpaina manipulatzailea egin zela argudiatuta. Ustekabean irabazi zuen Georgescuk auzitegiak ondoren ezeztatutako lehen itzuli hura. Aurreneko aldia izan zen munduan hauteskunde batzuk baliogabetu zirena sare sozialetan igarritako irregulartasunengatik.
Georgescu ezgaitu egin zuen auzitegiak, eta herenegungo hauteskundeetan George Simionek bete zuen haren lekua. Igandean, Simionek bikoiztu egin zituen Georgescuk azaroan lortutako emaitzak: %23tik %41era igo zituen. Auzitegiaren erabakiak, nahi gabe, erraztu egin zuen Simionen garaipena.
Nicusor Dan matematikari eta Bukaresteko alkatea izango da —botoen %21 lortu zuen igandean— beste hautagaia hilaren 18an, bigarren itzulian. Formula eraginkorra asmatu beharko du matematikariak irabazi nahi badu.