Moncloara iritsi eta zazpi urtera onartu du Pedro Sanchezen gobernuak sekretu ofizialen lege berria. Lege berria, baina aurreko legearen helburu berarekin egina; alegia, estatu krimenak ezkutatzea. Testuak, gaur Espainiako Gobernuak onartu duen bezala ontzat ematen badute Kongresuan, bi epe zehazten ditu: 60 urte garrantzi handiko sekretuentzat, eta 45 horrenbesteko garrantzia ez daukatenentzat.
Zer topa dezakegu artxibo sekretuen karpetetan? Zuzenbidea urratzen duten operazio polizialak, zerbitzu sekretuen era guztietako trapu zikinak, diplomaziaren harreman hauskorrak, botere ekonomikoarekin lotura daukaten operazioak, monarkiaren ingurukoak, estatu barruko konponketak…
Edozein herritarrek galdetuko du ea beharrezkoak ote diren horrenbeste urte kontu horiek jakiteko, eta erantzuna beti bera da, alegia, «segurtasun nazionala» babesteko direla.
Gurera etorrita, benetan espero dezakegu ezer argigarririk topa dezakegula karpeta horietan, eta estatuaren izenean euskal gatazka politikoan egindako ilegaltasunak agertuko direla xeheki eta datu guztiekin azalduta? Estatuak ez du bere buruaz beste egiten, eta ez du egindako ilegaltasunak argitzeko daturik agerian jarriko.
Onartuko dute Kongresuan horren epe murriztaileak dauzkan legea? Zutabegile honi kosta egiten zaio inbestidurako alderdiak baiezkoa ematen ikustea.