Behobia-Donostia lasterketarako bi urtetik behin hamaika egunetan bakarrik entrenatu den korrikalariak aukera handia dauka ZIUan bukatzeko, helmugan bukatu ordez. Ingeleseko akademiara epe horretan bakarrik doan ikasleak ez dio piperrik ulertuko —are gutxiago hitz egingo— Londreseko Picadilly Circusen papera lurrera ez botatzeko esan dion bobby-ari. Zenbat epaiketa irabaziko ditu zigor kodea epe horretan bakarrik irakurtzen duen abokatuak?
Muturreko adibideak dira? Baliteke, baina lehenengo Euskaraldian sustatzaileetako batek elkarrizketa batean esan zuen bizpahiru Euskaraldiren ondoren euskarak sekulako jauzia egingo zuela. Ez du ematen asmatu duenik. Non geratu dira aurreko Euskaraldi bateko izarrak izan ziren elkarrizketa elebidunak?
Benetan pentsatuko dugu hamaika egunetan egindakoarekin —munduko urre guztia gastatuta ere— euskara egoera sendo batera eramango dugula? Mugitu nahi ez duen elefanteak lan itzela ematen du, eta euskararen elefantea nabarmen mugiarazteko karga elektriko handiagoa eta jarraituagoa sartu beharko diogu. 2025ean gaude, ez 1980an. Zer edo zer ikasi dugu.
Nola neurtzen da Euskaraldiaren emaitza? Ez egun horietakoa, epe ertainekoa baizik. Jarriko ditu milaka lagun euskara ikasten?
Euskaraldia buru-belarri antolatzen ibili diren guztiei zor zaien errespetuarekin idatzita.