martxelo otamendi

Euskararen festa bihar Arguedasen

2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rafael Añon izan zen Tuterako alkatea frankismoaren azken urteetan. 1965ean hartu zuen alkatetza, eta 1974an utzi; Francisco Franco diktadorea hil baino urtebete lehenago. Gaztetan Francoren estatu kolpearen alde borroka egin izanak ez zion Añoni eragotzi alkate izan zen azken urteetan udal eraikin bat uztea euskara klaseak emateko: Erlojuaren Etxea esaten dioten udal eraikinaren gela batzuk utzi zituen, doan, klaseak emateko. Frankismoan.

Alejandro Toquero UPNkoa da Tuterako alkatea, eta gorrotoz bizi ditu Tuteran euskararen alde egiten diren ahaleginak. Alokairua kobratzen dio AEKri udal gelak erabiltzeagatik euskara klaseak emateko. Hori gutxi balitz bezala, ez die udalaren zentimorik ematen ez AEKri ezta euskara ikasteagatik matrikula ordaintzen duten ikasleei ere. Eta maiz ukatzen die baimena kalean eta plazetan ekitaldiak antolatu nahi dituztenean.

Dena ez da lur elkorra Erriberan. Aspaldi aldatutako haziak ari dira landare ederrak ematen. Azken Korrikak Erriberan eduki zuen harrera onaren ondorioz, inguruko zortzi herritako euskaltzaleek bat egin, oso egitarau interesgarria osatu eta Erriberako Lehenengo Euskararen Eguna antolatu dute biharko, Arguedasen; elkarrekin bildu, indarra hartu eta traba guztien gainetik jauzi egiten segitzeko.

Erriberakoak ez garenok ere gonbidatuta gaude Arguedasko festara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.