martxelo otamendi

Itzalaldia, fotograma geldituta

2025eko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreikuspenik txarrena egiten duten filmik apokaliptikoenen sekuentzia bizi genuen herenegun gure herrian. Begiak itzali zitzaizkigun bat-batean, eta eskuak erabat gelditu, zer egin ez genekiela. Ez da brometarako kontua, herrikide askok oso gaizki pasatu zutelako, baina tarteka ez zaigu gaizki etortzen gure ahuldadea erakusten diguten sekuentzia horiek bizitzea. Ikusgarria izan zen ikustea ehunka lagun kalean, filmaren proiektore zaharra fotograma batean trabatuta geratzen zenean bezala, irudi finko bat, filmak —gure bizitzak bezala herenegun— ez aurrera ez atzera egiten zuela. 

Ezinezkoa ematen zuen gertatzea, gure buruari «aurreneko munduan gaude» esaten ohituta baikaude, beste herrialde batzuetan hornidura elektriko zaharraren sistemaren matxura baten ondorioz lurralde zabalak argirik gabe geratu direla jakitean. Guri ez zitzaigun sekula horrelakorik gertatuko, horregatik begiratzen genion elkarri kalean sinesgaitzaren aurpegiarekin, «guri hau gertatu?», suminduta.

Jazo zena jakiteko ardura daukatenek azaldu beharko digute herritarroi zein den zulo elektrikoaren arrazoia, eta zer egingo duten aurrerantzean horrelakorik berriro jazo ez dadin; baldin eta posible bada —horrela uste genuen— sistema elektrikoaren segurtasuna ehuneko ehunean bermatzea. 

Eta ezin bada bermatu, igual esan diezagutela, horren oilartuta ibil ez gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.