Datorren urteko uztailaren 6ra arteko epea dauka Beskoitzeko ikastolak udalarekin akordioa lortu eta orain arte erabili dituzten herri lurretan lanean segitzeko. Kolpe gogorra hartu zuen ikastolaren komunitateak, duela egun gutxi, udalak gehiengo zabalez bezain kezkagarriz hartutako erabakiarekin: ezin izango baitituzte lur horiek erabili aurrerantzean. Udalbatzan hamalau kide bat etorri ziren debekuarekin, eta lau bakarrik azaldu ziren aurka.
Udalak ez du ikastola eraikitzeko baimenik ematen, eta, ondorioz, gela prefabrikatuetan ari dira eskolak ematen, denbora mugarik ikusten ez den egoerara zigortuta. Jazarpenetik gertu dagoen jarrera dauka udal euskarafobiakoak ikastolarekin; herri oruberik eman nahi ez, eta, ikastolak lur pribatua erosteko prest dagoela adierazi duenean, udalak mehatxua egin du esanez berak erosiko duela, ikastola enkante etengabean sartuta.
Zeri diote beldurra 2023an Beskoitzeko hautetsi gotortu horiek, zerk sortzen die kezka? Eskola bat da, haurrak dira, hizkuntza bat da, inori ezarri nahi ez diotena. Aukera libreko eskola bat.
Seaskak aurreratu du ez duela beroan erantzun nahi, eta datorren urtean ikastolak segituko duela lanean Beskoitzen. Adi egon beharko dugu merezi bezala erantzuteko.