Gauza bitxi asko ari dira jazotzen Kataluniako politikan, eta ia ezerk ez digu arretarik pizten. Benetan bitxia da zer gertatzen ari den Kataluniak hartuko dituen eskumenekin; esate baterako, egunotan denon ahotan dagoen finantzaketarekin. PSCko sozialistak daude Kataluniako Gobernuan, Salvador Illa presidentea buru, baina gobernutik kanpo dagoen ERCk negoziatu du eskualdatzea Espainiako Gobernuarekin. Egia da negoziazioaren parte teknikoa bi gobernu sozialisten artekoa izaten ari dela —Espainiakoa eta Kataluniakoa—, baina negoziazio politikoa ERCrekin izan da. ERCrekin negoziatzen da ERCk kudeatuko ez duen eskumena. Bitxia bada.
Oztopo dezente gainditu beharko ditu Kataluniako finantzaketa bereziak. Katalunia barrukoak batzuk, Juntsek ez nahikotzat jotzen duelako adostutakoa; eta kanpokoak, besteak beste, lurraldeetako gobernu gehienak aurka jarriko direlako. Batzuek, finantzaketa positiboa daukatenak —Madril, Valentzia eta Balearrak—, sistema bera nahiko dutelako haientzat; eta negatiboa daukatenek —gainontzeko guztiek— diru gutxiago jasoko duten beldur direlako.
Lege organiko bat beharko du Espainiako Kongresuan Kataluniako finantzaketa bereziak. Oso litekeena da inbestidurako alderdiak legearen aldeko botoa ematea, baina Juntsenak ere beharko dira. Zer edo zer eman beharko die Sanchezek Juntsekoei.