Frantziak bezala duela 25 urte, lan asteko ordu kopurua jaisteko asmoa dauka Espainiako Gobernuak. Frantziak orduan —2000. urtean, Lionel Jospin sozialista Matignonen zela— 39tik 35era jaitsi zuen lan asteko ordu kopurua. Espainiak, Frantziak egin zuela horrenbeste urte igarota ere, 37,5era jaitsi nahi du, ez 35era.
Munduko herrialde askotako herritarrentzat «Europako aberatsen eztabaidak» dira auzi horiek. Kolonbia da horietako bat. Herrialde horren historian Gustavo Petro da ezkerreko lehen presidentea, eta asko kostatzen ari zaio egin nahi dituen aldaketak egitea. Lan erreforma sendoa egiteko asmoa erakutsi zuen 2022ko kanpainan, zoritxarrez alde handia baitago langile kolonbiar arruntek eta europarrek dauzkaten lan baldintzen artean.
Ordu kopurua murriztu, lan kontratuak duindu, nagusi askoren jarrera bortitza zigortu, lanean hasteko adina atzeratu, lan osasunaren zerbitzua egituratu… zerrenda amaiezina dauka Petroren erreformak. Senatuak martxoan atzera bota zuen Petroren erreforma, eta oztopo hori gainditzeko eta Senatuari iritzia aldarazteko hamabi galderaz osatutako makroerreferenduma egingo zuela iragarri zuen duela hilabete batzuk milaka herritarren aurrean, herritarren babesa jasoko duelakoan.
Mezu bera errepikatu berri du Maiatzaren Lehenean egindako beste ekitaldi jendetsu batean.