Kontraesan bat gertatzen ari da azken urteotan LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen garapenarekin, oraintsu arte zokoratuta egon diren beste kolektiboenekin gertatzen ari den bezala.
Urte askoko borrokaren ondoren eta ederki sufrituta, lortu du kolektibo horrek aitortza eta errespetua munduko herrialde aunitzetan; ez guztietan, ordea, milioika baitira oraindik herrialde askotan gizartearen zati handi baten bazterketa eta estatu aparatuen errepresioa jasaten dituzten herritarrak.
Non dago kontraesana? Kolektiboen eskubideekin bat egitea asko kosta zitzaien erakunde publiko asko gaur egun arazorik gabe agertzen dira kolektiboen eskutik lanean, ez denak baina seriotasun berarekin. Eta zer gertatzen da biharko herritarrekin? Inkesta soziopolitikoek etorkizun zaila proiektatzen digute, handitzen ari baita, eskoletan egindako lana gorabehera, gutxiengoen aurkako jarrera daukaten gazteen ehunekoa. Alegia, lortutako eskubideak, osorik edo erdizka, arriskuan daudela, eta ezer ez dela betirako.
Ospakizuna —lortutakoagatik— eta borroka eguna —falta denagatik— da gaur, E-28a. Ospa dezagun, beraz, baina eduki ditzagun gogoan gure egoera hobetzeko lanean behinola zigorra pairatu zutenak, eta, bereziki, beren herrialdeetan onartuak izateko ahaleginean oraindik bizitza arriskuan daukatenak.
Ez gaitzala itsutu ospakizunak.

LGTBIQ+ eskubideak ere arriskuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu