martxelo otamendi

Oztopo bat gutxiago amnistiarentzat

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak —sei alde, lau aurka— ebatzi du konstituzionala dela Kataluniaren independentziaren aldeko prozesuan parte hartu eta justiziak zigortutako buruzagi politikoak eta herritarrak amnistiatzeko legea. 

Urtebete igaro da Kongresuak legea onartu zuenetik, eta Kataluniako auzitegi askok legea ontzat jo eta igaro den urtebete horretan amnistiatu egin dituzte auzitegi horiexek zigortutako edota epaiketa bidean zeuden herritar independentziazaleak —200 inguru— eta U-1ean botoa ematera joan ziren herritarrak bidegabeki jipoitu zituzten poliziak eta guardia zibilak —160 inguru—. Ez ahaztu Amnistiaren Legea zigorra ezarri duten epaileei dagokiela aplikatzea.

Amnistiaren Legeak sortu duen benetako estatu arazoa da Carles Puigdemont presidente ohia eta 2019an Auzitegi Gorenak zigortu zituen buruzagi politiko katalanak. Horregatik oraindik itxaron egin beharko dute zigortutako buruzagiek. Auzitegi Konstituzionalak esan du legea konstituzionala dela, baina ez du ezer erabaki buruzagi politikoen egoera juridikoaz; hortaz, indarrean daude erbestean daudenen aurkako atxilotze aginduak, eta zigortuen inhabilitazioak. Eta ikusteko dago Gorenak kontsulta egingo ote dion Europako Justizia Auzitegiari.

Jakina zen bidea luzea eta mantsoa izango zela. Oztopo bat gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.