Ilusio handia sortu zuen Kolonbiako eta inguruko ezkerrean Gustavo Petrok 2022an presidentetzarako hauteskundeetan lortu zuen garaipenak, Kolonbian ezkerrak aurreneko aldiz eskuratu baitzuen estatuburutza. Larri irabazi zuen, alde eskasa aterata Rodolfo Hernandez enpresari eskuindarrari.
Izar asko bildu zituen Petrok lehenengo gobernuan, kanpainan haren alde agertu eta laguntza eman zioten alderdiek eta kolektiboek aulkia eskatu baitzioten ministroen bilera gelan. Konfiantza guztiarekin, eta ingenuitate dosi handiarekin, banatu zituen Petrok sailak, horren truke gobernaldi lasaia egiten utziko ziotelakoan. Berehala ikusi zen elkarrekin adosteko asko ez zeukaten sentsibilitateak zeudela gobernuan, eta ministro bakoitzak, inorekin ezer adostu gabe, bere aldetik joan nahi zuela.
Kanpotik botere sozioekonomikoek jartzen zizkioten zailtasunei gobernukide harrotuek jarritakoak erantsi behar zitzaizkien, eta horrek krisi larriak sortu zituen gobernuan, ihesak eta kargugabetzeak. Petrok sortu duen ezegonkortasuna ezin da beti besteen errua izan, badu zerikusia bere izaerarekin ere.
Egoera zailtzeko, duela hamabi egun ezkerraren arerio nagusia izatekoa zen Miguel Uriberi bi tiro eman zizkion buruan 15 urteko malandro batek.
Oposizioak Petro ikusi du atentatuaren atzean, ez da sinesgarria.