Iritsi da, espero zenez, otsailaren bukaeran PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren buruzagi erreferentzial Abdullah Ocalanek Turkiako estatuaren aurkako borroka armatuaren zikloari bukaera emateko egin zuen proposamenaren erantzuna. Hil honen 5etik 7ra Qandil mendietan —Iraken mendeko Kurdistanen— egindako batzarrean, PKK-k onartu egin du Turkiak azken hogeita sei urteotan oso erregimen gogorrarekin espetxeratuta daukan Ocalanen eskaera: bertan behera utziko du borroka armatua, eta, ondorioz, desegin egingo da. Hau da, erabakiak zabaltzea espero den fase politiko berrian, PKK ez da alderdi politiko bihurtuko, batzuek Ocalanen eskaeraren berri izatean iradoki zutenez.
Turkiako Gobernuaren eta PKK-ko mintzakideen artean egindako akordioaren letra xehea ikusi gabe ere, aurrera litezke luze gabe ezagutaraziko den akordioak hartuko dituen eta kurduek —eta haiekin solidario direnek— itxaropen handiz espero dituzten puntuak. Lehena, sinbologia handiarekin gainera, Apo —osaba— buruzagiaren eta PKK-ko presoen askapena. Eta bigarrena, kurduei bizitza askea eta normalizatua bermatuko dien praktika politikoa gauzatu behar du Ankarak: lurraldea, botere autonomikoa, kurduerazko irakaskuntza, ekonomia…
Turkiarrak ezagututa, ilusioa adina errezelo piztuko zituen akordioak kurduen artean.
Turkiaren beste urrats bat Europako Batasunean sartzeko.