martxelo otamendi

Sanchez eta ustelkeria

2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ba ote dago ustelkeriaren aurkako ahaleginean eragileen —politikariak, langile publikoak eta enpresetako arduradunak— formazio etikoa baino tresna eraginkorrik? Ez. Beste kasu askotan bezala, aurretik egiten den lana baita emaitzarik hoberenak ematen dituena. Zailagoa izango da usteltzen formazioa jaso duena, usteldu nahi ez duena oso zaila baita usteltzen. Baina ez da nahikoa, errealitatea ez baita asmo onak biltzen dituen ipuina: errealitatea, urtea joan eta gobernua etorri, tematia da.

Espainiako Gobernua, PSOE eta haren militante eta boto emaileak lur jota utzi dituzten ustelkeria kasuek behartuta, ustelkeriaren aurkako egitasmoa aurkeztu zuen atzo Espainiako presidente Pedro Sanchezek Kongresuan. Gutxik bezalako trebetasuna dauka Sanchezek sortzen zaizkion arazoak konpontzeko egitasmoak aurkezten, beti ozenki eta tonu solemnean. Non geratu dira duela urtebete gezurretako albisteei eta manipulazio informatiboei aurre egiteko iragarri zituen neurriak?

Sanchezek ataka zailean jarri ditu inbestiduran babesa eman zioten alderdiak, ezkerrekoak batik bat. Ez dute gobernua erortzerik nahi, baina behartuta daude gogor kritikatu eta neurri ausartak eskatzera —sozialak eta plurinazionaltasunean sakontzekoak—, hain justu Sanchezek gehiengoa hauskorren daukan garaian.

Hori, betiere, lokatzak igotzeari utzi diolakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.