martxelo otamendi

Segurtasuna nola ulertu

2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak atzo Bilbon egindako batzarrarekin abiatu du segurtasun integralari buruz egin nahi duen lanketa, nonbait, herritarrek inkestetan kale segurtasunak okerrera egin duen iritzi zabalduak bultzatuta. Antolatzaileek aurreratu dute haien asmoa segurtasuna ertz askotatik aztertzea dela, baina Imanol Pradales lehendakariak batzarrari jarritako goiburuak —«[delitua] egiten duenak ordaindu beharko du»— bidea erakutsi du. Komeni da gogoratzea ordainarazleak epaileak direla.

Egia da kaleko delitu txikiek —lapurretek, batik bat— gora egin dutela, eta orain arte baino era gogorragoan egiten direla; inor ohartu gabe poltsatik edo patrikatik lapurtu ohi zuten orain arte, eta azkenaldian ugaritu egin dira indarra erabiltzen den lapurretak, labanen mehatxua tartean. Aldaketa horrek segurtasun faltaren pertzepzioa areagotu egin du herritarren artean, migrazioa estigmatizatzeko arriskuarekin.

Segurtasunak proportzio egokian erabili behar ditu prebentzioa eta ordainketa kontzeptuak. Askoz eraginkorragoa da, zailagoa ere bai. Baina segurtasun bermatzaileagoa da, bizirauteko delitua egitea beste erremediorik ez daukanarekin —kalean ikusten ditugu iritsi berritan, zaurtuta— prebentzio eta heziketa integrala egitea, espetxeak gazte etorkinez betetzea baino.

Horretan datza segurtasun politikaren arrakasta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.