martxelo otamendi

Sutea Pakistan eta Indiaren arteko mugan

2025eko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehen ere nahiko puntu gorri ez munduko mapan —Ukraina, Ekialde Hurbila, erdi ahaztuta dauzkagun Afrikako hainbat gatazka…—, eta orain Pakistan eta India arteko mugan piztu da ostera, neurri txikian agidanez, sutea. Suhiltzaileei zenbaitetan jazotzen zaien legez —itzali gabeko sutea utzi behar izaten dute sute berria pizten denean—, suhiltzaile diplomatikoek arreta jarri beharko diote Pakistan eta India arteko suteari. Biak dira potentzia nuklearrak, kasu.

Bi herrialde handi horien harremana gatazkatsua izan da beti, Pakistan 1947an Indiatik bereizita estatu bihurtu zen lehen egunetik gaurdaino; borroka diplomatikoa eta militarra tartekatuz, baina beti borrokan. 

Kaxmir dago beti bi herrialdeen arteko ezinikusi historikoaren muinean, biek diotelako lurralde hura haiena dela. Orain arte konpondu ez den eta inoiz ez konpontzeko itxura guztia daukan auzia da Kaxmirkoa. Oraingoan, apirilaren bukaera aldean atentatua gertatu zen Kaxmirren, eta Indiak Pakistani leporatu zion; 26 hildako izan ziren. Indiak gogor egin zion eraso herenegun Pakistani, eta berehala erantzun dio Pakistanek.

Nor sartuko da, erre gabe, bi potentzia horien artekoa konpontzera? Txina izan daiteke, inork ez duelako Donald Trump espero inguru haietan. Baina Indiak badaki Txina, India ahultzeko ahaleginean, Pakistanen aliatua dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.