Nor ez ote du liluratzen etimologiak, eguneroko hitz arruntak hartu eta begi bistan ezkutatuta zegoen esanahi bat aurkitzeak (atera eta ate hitzen arteko harremana, adibidez) edo aspaldi handian galdutako harreman semantikoak berraurkitzeak (adibidez, eskola greziar skhole aisialdia etimotik dator).
Zaletasun ia unibertsal horren eraginez, herri etimologiak ditugu. Jende arruntak sortu eta gizartean zabaltzen diren uste okerrak dira horiek. Normalean, haien atzean azaleko antzekotasunak egoten dira. Eta beste ezaugarri bat ere badute: herri etimologia aspergarririk ez dago. Etimologiek eman behar diguten lilura hura asetzeko sortzen dira.
Adibidez, ilargi askotan lotzen da hildakoen argiarekin. Herri etimologia ona da, mistikoa —hildakoak, gaua—, eta itxuraz gardena egungo hiztunarentzat. Arazoa da etimologiak askoz prosaikoagoak izaten direla. Mitxelenak uste zuen (h)il- horrek gaueko astroari egiten ziola erreferentzia (il-argia gaueko astroaren argia), edo ilargiak markatzen duen egutegiko banaketari (hilabeteko argia). Koldo Mitxelena, edertasun zapuztaile hori. Ilargi aipatu bezala, herri etimologiaren ohiko jomuga ugari ere ekar nezake gogora: lagundu, laket, minbizi, sorgin, txortan egin...
Euskaldunak gara eta, beraz, badakigu gure hizkuntza hazitegi kuttuna dela hala moduzko espekulazio etimologikoak egiteko eta, bide batez, balizko iragan mistikoarekin konektatzeko, bakoitzak buruan duen iraganeko euskal gizarte idealarekin. Bekaturik gabe dagoenak jaurti dezala lehen harria. Ondo dakigu Larramendik XVIII. mendean sare sozialik eduki izan balu, ...and I think it’s beautiful moduko post zaparrada ekoitziko zukeela.
Egia esan, etimologiak ebaztearen afera lan zaila, nekeza eta, batzuetan, antzua izaten da. Egungo hizkuntza ondo menperatzeaz gain, iraganekoa ere sakon ezagutu behar da. Horrelako lanen ondorioz, 2019az geroztik, Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa dugu etimologiak arakatzeko afizioan lagun, online kontsultagarri.
Etimologiak lotura harrigarriak argitara ekartzen dituenean gustatu egiten zait, bai. Baina gauzarik mundutarrenak erakusten dizkigunean ere bai. Alegia, iraganeko jendea halabeharrez gu baino bereziagoa, mistikoagoa, pachamamarekin konektatuagoa ez zela erakusten duenean. Batzuetan, gehienetan, gizakiok arruntak, soilak, prosaikoak gara... and I think it’s beautiful.