Diego Palles Lapuente

Informaltasunaren hizkuntza plangintza

2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza politikak eta plangintzak prestatzen direnean, jada araututa dauden espazioak hizkuntzen aldetik ere arautzea errazena izaten da. Adibidez, lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzea, edo ikastaroak hizkuntza batean edo bestean eskaintzea. Ez dut esan nahi oro har lan erraza denik. Baina lagun talde bateko hizkuntza erabilera planifikatzea baino errazagoa bada, adibidez. Edo Euskal Herri osoko gazteen erabilera. Euskararen aldeko aktibistek, legegileek, gurasoek... denek paradoxa bera dute aurrean: nola planifikatu informaltasuna.

Eta bada garrantzitsua. Eremu pribatuan euskararen erabilera sustatzeko egiazko premia dago. Horrexegatik, euskarak leku garrantzitsua daukan aisialdirako guneak sustatzen dira zenbaitetan, edo Euskaraldia bezalako kanpainak, esaterako.

Bada euskararen erabilera informalean eragin handia duen erakunde publiko handi bat, eta uste dut eragin horrek ez duela merezi duen arreta jasotzen. EHUz ari naiz. EHUko campusetan jatorri eta profil soziolinguistiko askotako gazteak elkartzen dira, zenbait urte irauten duten harremanak garatzen dituzte, eta hori guztia maila formalean euskarak presentzia eta rol garrantzitsua duen lekuan gertatzen da. Testuinguru horretan, euskarazko harreman informalak loratzea espero daitekeen ondorioa da. Beste zein lekutan gertatzen da horrelakorik horrelako eskalan eta adin kritiko horietan? Hizkuntza komunitate minorizatu batentzat mestizajea ezinbestekoa da estereotipoak hautsi eta hizkuntza kontzientzia irabazteko.

Gasteiztarra naizen aldetik, beti susmatu dut Letren Fakultatea hemen izatea —eta, beraz, Euskal Ikasketetako karrera— erabaki kontzientea izan zela hirian euskara biziberritzeko. Baina ez. Historia liburuek esaten digute erabaki horren atzean ez zela gogoeta soziolinguistikorik egon. Ez zen hura eztabaidatu. Gaur egun gazteen artean euskarazko sozializazio informaleko Gasteizko gunerik handienetako bat izatea bigarren mailako ondorio moduko bat izan da. 

Harreman informaletan kanpotik hizkuntza politika eta planifikazioa egiteko orduan, campusaren irakaspena lagungarria izan daiteke. Eman aukerak, sortu aukerak; badago aprobetxatu nahi dituen jendea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.