Julen Azcona

Isiltasuna borrokatzea

2025eko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egoera bidegabe baten aurrean, maite dugun idolo batek duen bozgorailua erabili eta iritzi sendo batekin erantzun dezan nahi izaten dugu. Ulergarria da, desira hori: gure egunerokoan influentzia duten artista horiek gure borroka berean daudela sentitu nahi dugu. Baina emaitza etsigarria izan daiteke. Isiltasuna izaten da erantzun orokorra.

Isiltasun horren aurrean, artista eta antolakuntza kultural batzuk hasi dira esaten ez dutela lan egingo publikoki Palestinaren alde hitz egiten ez dutenekin —eta, beraz, Israel gauzatzen ari den genozidioa kondenatzen ez dutenekin—.

Azken kasua aste honetan gertatu da: Miguel Androver moda diseinatzaile mallorcarrak jakitera eman du ez duela Rosalia abeslariarekin kolaboratu nahi izan (soineko bat diseinatuz), «bere isiltasuna konplizea delako». Mezua bere Instagrameko kontuan zabaldu zuen, trukatu zituzten e-mail pribatu batzuen pantaila argazkiak erakutsita.

Abeslariak bost egun tardatu zuen erantzuten. Joan den asteazkenean, testu bat igo zuen Instagramera. Helburua ez zen hainbeste Palestinaren egoera salatzea —Israel hitza ez zuen aipatu—, baizik eta bere burua justifikatu eta Androverren jarrera kritikatzea: «Ez dut uste elkar lotsaraztea Palestina askatzeko modurik onena denik», idatzi zuen. «Gorantz seinalatu beharko genuke, ez horizontalki» (gorantz hori zer den ez dago oso argi: ez genuke esango Rosaliak kulturan dituen boterea eta influentzia horizontalak direnik).

Nola edo hala, Androverren presioak orain arte ezinezkoa zirudien zerbait lortu du: Rosaliaren neurriko artista internazional batek Palestinari buruz zer edo zer esatea; isiltasun konplizea haustea: izan ere, genozidioaren aurrean iritzia ematea geroz eta premiazkoagoa da. Keinua txikia izan da, eta bien arteko arazoa (soineko bat), nahiko azalekoa.

Gauza da artistak, gu bezala, munduan bizi direla. Eta haiek, guk bezala, egunero agertzen diren irudiak ikusten dituztela. Eta irudiak jasanezinak direla. Eta ez dugula politikari buruz jakin behar genozidio bat kondenatzeko. Eta gizakiak, guztiak, kontraesankorrak garela. Eta hanka sar dezakegula. Eta egin ditzakegun keinuak beti eskasak izango direla (nahiz eta GKEei dirua bidali, edo Israel laguntzen duten enpresei boikota egin, edo informazioa partekatu eta eztabaidatu). Baina hori guztia hobea da isiltasun konplizea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.