Diego Palles Lapuente

Kriminalizazioaren estrategia

2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Terrorismoaren aldeko jarrera nabarmen handitu da uda honetan Erresuma Batuan. Edo, behintzat, hori ondoriozta daiteke polizia britainiarrak egin berri dituen azken atxiloketak ikusita. Abuztuaren 9an, 532 pertsona atxilotu zituzten Londresen, talde terrorista baten alde publikoki agertzeagatik. Haien erdiak 60 eta 89 urte bitartekoak ziren. Ez zeramaten armarik eta ez zuten matxinadarako asmorik: plaza batean eserita zeuden, kartelak eskuetan.

Zein zen babestu nahi zuten erakunde arriskutsua? Palestine Action, Erresuma Batuak Israelekin duen lankidetza militarra salatzen duen ekintzaileen talde ez-biolentoa. Uztailean, erakunde horretako kideek ekintza batean bi hegazkin militarren gainean margo gorria jaurti ondoren, gobernu britainiarrak Palestine Action erakunde terroristen zerrendan sartzea erabaki du. Horretarako, 2000. urtean IRA bezalako taldeei aurre egiteko pentsatutako terrorismoaren aurkako legeaz baliatu dira. Garai hartan, zenbait ahotsek ohartarazi zuten lege horrek Greenpeace bezalako taldeei jazartzeko balioko zuela. Gobernuak orduan erantzun zuen ezin izango zela horrelakorik gertatu.

Hogeita bost urte geroago, hementxe dugu errepresioa. Protestan ari direnak ez ezik, Plasticine Action leloa —Plastilinaren Aldeko Ekimena— kamisetetan eraman duen jendea ere atxilotu dute. Gobernu britainiarraren baldarkeriak irribarrea sor dezake, baina ondorioak ez dira batere barregarriak. Owen Jones kazetariak idatzi duen bezala, «edozein gobernuk indarkeriarik ezarekin konprometitutako mugimendu bat terrorista izendatu ondoren, Rubikon bat gurutzatu du».

Kriminalizazioaren estrategia ez da Erresuma Batuan bakarrik gertatzen. Hilabeteak dira Frantziako Estatuan gobernuak Urgence Palestine taldea legez kanpo uzteko nahia adierazi duela. Eta, Palestinaren aldeko aktibismotik haratago, Europa osoan ekintza zuzeneko mugimendu ekologistei —Les Soulèvements de la Terre edo Futuro Vegetal taldeei, adibidez— terrorismo salaketak egin dizkiete indarkeriarik gabeko protesta ekintzengatik. Europako botereek urrats sendoz daramate gizartea hondamendi klimatikora eta genozidioa eta apartheida normalizatzera; bitartean, terrore politikaren aurka daudenak terrorismo berria dira. Haien arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.