Diego Palles Lapuente

Manipulatzeko diseinatuak

2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Benetako krisia dator eta ez dago inor prest. Inoizko latzena izango da. Egin klik bideo honetan eta gaurkoan gonbidatu dugun morroiak gako guztiak azalduko dizkizu. Gure adituak bi formatutan etortzen dira: berrogeita hamar urtetik gorako gizon alkandoradun eta betaurrekoduna edo bizarrean degradatu perfektua daukan gizon gaztea».

Zer eta arroz esnea prestatzeko errezeta baten bideoa ikusten ari nintzen eta, bat-batean, begi bazterrean halako enegarren bideo gomendioa ikusi nuen. Nahitaez, lehenengo senezko erreakzioa antsietatea sentitzea izan nuen. Ai ama, beste krisi bat? Eta inor ez dago prest? Bideoa ikusten badut, ni prest egon naiteke?? Antsietatea sortzeko errezeta perfekzionatu dute, eta horrelako bideo, artikulu eta sare sozialetako post alarmistak txurroak bezala ekoizten dituzte. Desinformazioa eta eskuin muturreko propaganda zabaltzeko eginak dira, alarmismoa amu gisa erabiliz.

Baina haien ezaugarririk harrigarriena da nonahi ikus ditzakegula, beti lagungarri dituzten algoritmoek edozein erabiltzaileren pantailaren azalera ekartzen baitituzte. Aspaldi honetan, sare sozialak gero eta gutxiago jotzen dira ideiak eta informazioa partekatzeko leku neutrotzat, agerian baitago desinformaziorantz eta gorroto diskurtsoetarantz nabarmen lerratutako lekuak direla, dela moderazio ekintzarik ezagatik, dela beren diseinu propioagatik.

Horren froga berriena Espainiako Gobernuak argitaratu berri duen txosten bat dugu, Torre Pachecon iragan hilabetean izandako istilu eta eraso arrazisten harira. Bertan erakusten da krisialdi hartan sareetako gorroto mezuek %1.550eko igoera izan zutela. Plataforma digitalek nola erantzun zuten ere ikertu du, edo, hobeto esanda, nola ez zuten erantzun. Gorroto mezuen hazkunde ikaragarria izan arren, sare nagusiek (X-k, Facebookek, Instagramek, TikTokek eta YouTubek) apenas ezabatu zuten edukia. Eta, sorpresarik ez hemen, X izan zen eraginkortasun gutxien izan zuena. Izan ere, guztiek ohi baino mezu gutxiago ezabatu zituzten.

Sare sozialetan esne mamitan egoten ohitu gara, arroz esnea egiteko errezetak eta gorroto diskurtso alarmistak nahasten dituzten munstro horietan. Orain, gizarteak aisialdia, komunikazioa eta informazioaren zabalpena bost enpresa pribaturen eskuetan jarri dituen honetan, haiek gure alde inoiz ez direla egon ikusten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.