Onintza Enbeita

Patxikoren dorrea

2025eko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Magrebtarren kontrako jipoiekin hasi genuen uda. Batean titiak ukitu dizkiotela neska bati eta bestean lapurtu egin ziotela norbaiti, baina han zein hemen sekulako jipoiak eman zizkieten. Pentsatzen dut neskei titiak ukitzen dizkietenak zuriak direnean ez dela halakorik gertatzen. Gure esperientzia kontrakoa izan da behintzat. Gazteagoak ginenean, askotan ukitzen zigun norbaitek ipurdia tabernatik irtetera gindoazenean eta atzera begiratzen genuenean mutil kuadrilla bat egoten zen barreka. Sekula ez zuten inor jipoitu ipurdia ukitu zigulako. Are gehiago, gure herrietan izen eta abizendun bortxatzaileak ibili dira poteoan lasai asko, eta inork ez ditu sekula jo. Agurra ere ez zaie ukatu. Askotan biktimaren hitzak jarri dira zalantzan.

Antzera gertatzen da lapurretekin ere. Ez dira migratzaileak edo atzerritarrak osten duten bakarrak. Berton ere lapurrak asko dira. Ez dugu ezer egiten, ordea. Tabernan gaudenean, ozen esaten dugu ea polizia non dagoen halakoak harrapatzeko, eta kito. Hori bai, lapurraren azala gurea baino ilunagoa bada, justizia gure eskutik hartzeko gogoa sartzen zaigu. Eta gure eskutik hartzen duguna inoiz ez da justizia. Gure frustrazioak beste batzuk jipoituz itzaltzeak ez gaitu justuago egiten, miserableago baino. Guri falta zaizkigun diru-laguntzak, lana, dirua, etxebizitza duina edo maitasuna ez digute migratzaileek kentzen. Haiek hona etortzera bultzatzen dituen sistema kapitalista eta gure agintariak dira benetako errudunak. Baina gure agintariak ezin ditugu lurrean ostikoka hartu magrebtarren moduan: zuriak, gizonak eta aberatsak dira. Jende mota hori gustatu egiten zaigu: guk ere halakoak izan nahi dugu.

Behinola Torrepachecora heldu ziren migratzaileak uda gogorra izaten ari dira. Ez nuke haien larruan egon nahi: erasoa nondik etorriko den beldurrez egun guztian. Baina honantzago ere, demagun Patxikoren Dorrean, diskurtso xenofoboak nagusi dira. Beti dago arrazakeria bultzatzeko aitzakiaren bat: migratzaileek ez dutela lanik egiten laguntzekin bizi nahi dutelako, emazteak jipoitzen dituztela, lapurrak direla... baina ez dugu haien ondora joan eta haien historia entzuteko ahaleginik egiten. Ez ditugu nahi. Ez gaitezen engaina, ordea: arazoa ez da egiten dutena, arazoa da maite ez ditugun migratzaile horiek pobreak direla.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.