Gauerdian argitxo bat pizten da Galdeanon. Gure herritik ikus dezakegu. Baina Galdeanora bertaratuz gero, argitxo horren arrastorik ez da. Kondairak zenbait aldaera ditu, eta guk etxean aditu duguna dakigu. Bazen eskribau bat, azti fama zeukana eta bizi zelarik elizak kondenatua. Hil zenean ez zuten lur santuan hilobiratu. Ipar-beleek zaindu zuten katabuta. Izeba Bernardinak azaldu zigunez, argi bat piztu zen eskribauaren etxean. Gugan iraun duen argitxoa da, gauerdian distira herabe bat egiten duena. Herritik ikusten dugun dirdira hori antzemanezina duzu Galdeanon bertan.
Argitxoaren intentsitatea aldatu egiten da egunetik egunera; diotenez, ilargiak eragina du afera honetan, eta, erran gabe doa, Ilargiak badu zerikusirik ur aferetan ere. Inazio Bakaikoa zenak duela hamar bat urte aurreratu zigun: «Euri kontuetan usu gertatuko dira lehorraldiak datozen urteetan, baina ur kopurua ez da sobera aldatuko, kontzentratuko da; hori dio ilargiak; beste kontu bat da 2030etik aitzina jasoko dena».
Eklipsea izanen omen da bihar. Aztoramendua ez da makala gurean. Butzuandian, Buztintzagibelean edo Txozainetan bilduko gara. Alta bada, eklipsearen ondoren argitxoak nola erreakzionatuko duen kezkatzen nau. Bihar gauerdian Zelaia ondoko Intxauspetik argitxoari begira geratuko naiz, dirdirari erreparatuko diot. Ea uraren berri ematen didan. Nor, zer ariko zaio keinuka ilargiari?