Patxi Larrion Galdeano.

Artazuko enigma

2026ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Likidoa, solidoa eta gaseosoa baturik, uraren kopurua Lurrean berbera da astero, gaztigatu dit kostaldeko lagunak. Bestelakoa da uraren gobernantza, uraren kudeaketa; hori ez da beti bera Lurrean, ez orain, ez iraganean.

Urarekiko David Alegriaren ardurak miretsirik nauka. Dozena bat artikulu irakurri dizkiot Nafarroa moldatu duten komunitateek utzi dizkiguten ur eraikuntzen inguruan: ubideak, errotak, ureztatzeak, aprobetxamenduak... Artazuko historialaria lurraldearen mende batzuetako egoera hidraulikoa marrazten ahalegindu da azken hamarkadatan. Argi adierazi digu ez gaitezkeela urari bizkarra emanda bizi. Uraren gobernantza zertan den ezagutzeak komunitate baten osasunaren berri agertzen digu.

Baina, gaixo David, iragana argitzean eraikuntza horien guztien funtzioa aztertzea aski ez eta, anaiak aireko dorre bat plantatu zion Artazuko Errotaldean. Eraikuntza, auzolanean, galsoro baten erdian paratu zuten joan den udazkenean. Egileen hitzetan, enigma bat erein dute Izarbeibar-Novenerako alorrean. Hori aski ez eta, azak ontzeko, Errotaldeko aireko dorrea batel edo katamaran bilakatzeko mehatxua egin du Oskar Alegriak.

Artazuko enigma irailaren 13an argituko omen da. Hotsa dabil denbora gelditzeko asmoa dutela, enigmaren argitzea gerta dadin. Bizkor ibili. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA