JULEN OILLARBURU

Beti ahanzten du

2026ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Noiz abian zara amatxiren ikustera?», maiz galdetzen diote bere burasoek. Eta hark aldi oro: «Bai, egia, beti ahanzten dut». Pentsa, bi hitz doi-doia xuxurlatzen dituen amatxi zaharra bisitatzeaz bestalde badu zer egin, eta behar ere. Alta, etxetik 15 minutura du amatxi, Baxenabarreko zahar etxe ttipi batean.

Badu bi urte harat «igorria» izan dela amatxia. Bai, «igorria», amatxiak bere burua ezin goberna, haren haurrek baitute hartu erabakia. Urte batzuk lehenago eritasuna diagnostikatu zioten. Asteko edozein egunetan, igandeko arropa galantak jantzi, eta etxeko atarian mezara joateko ahizparen zain gelditzen zela oharturik, alarma gorria piztu zitzaien haurrideei.

Ondorioz, etxeko antolaketa guzia berrikustekoa zen: erizainak egunean bitan, menaiua, sukaldea, xuriketen egiteko laguntzaileak... Kilometroak tole, orenak luze, paga mehe eta amatxiaren umore txarrari plegatu behar, badute merezimendu. Bere haurren kontu zaintzaile horien artean lotura egitea, paperkeria eta fresen estaltzea, laborari izandako emazte baten erretreta-paga tristeak ez baitu bizia duinki bukatzeko aukerarik ematen.

Eta azkenik erabakia, haurrek zama horretaz askatzeko dute xedea. Sortetxetik joan aitzin, argitasun izpi batek bultzaturik, hala erran zion amatxik bilobari: «Ni hemen sortu nauxun bezala hemen pausatuko nauxu». Atzo azkenean bisitan joan zitzaion biloba, eta, sortetxean balitz bezala, dutea proposatu zion amatxiak, eta etxeko kabalez mintzatu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA