Amaiur Epher

Errekan

2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sapari ezin ihes eginez zabiltza. Itzala ere madarikatzen duzu, traidorea! Hala ere, zure zorteaz kontziente zara: ondoko egunak etxeko pareta gotorren babespean iraganen dituzu. Badakizu zure nekea ez dela kanpoko lanetan dabiltzanen heinera iristen, ez eta iritsiko ere. Kuraia opa diezu, munduko adore guzia.

Etxerat sartu orduko, freskurak kontsolatzen zaitu, doi bat hobendun sentitzeraino. Izan ere, etxebizitza kolektiboetako azken estaietan bizi direnak gogorat heldu zaizkizu: 30 gradu ganbaran eta iluntzean kanpoko tenperaturak apaltzen badira ere, haize lasterrak gela zeharkatzen ez duen lekuan lo egitea —edo behintzat entseatzea— badakizu zer den; hainbat urtez esperimentatu duzu, nolabait erratearren.

Zaharren gisara, egarri ez eta edan behar. Baina berantegi da. Besaulkian jarri zara, eta berehala bizkarra aulkiari itsatsi zaio, izerdia, hirietako eraikin erdi abandonatuen paretetan BEC bete nahi duten euskal taldeen kontzertuen afixetako kola bailitzan. Izozki bat ahoratzearen perspektibak baizik ez zaitu altxaraziko. Bezperan azkena jan zenuela oroitu zara, ordea. Beharrik, telebistarik ez duzu, ez eta etzaulkirik ere. Bi horien gatibutasunetik aske, Xak-en diskoa jarri duzu, lasaitu nahian.

«Urkiondoak mainatzen errekan». Zer zuhaitz klase den arras argi izan gabe ere, zangoak —zureak eta besaulkiarenak— errekan erroturik irudikatu dituzu. Eskerrak musika freskagarririk ere baden!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.