Txerra Rodriguez.

Gogor eta hortzoira

2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kostako herri turistiko tipikoa dirudi. Hondartzak, toallak, jatetxeak, gorritutako turistak, surflariak. Bai, hori guztia ere bada. Baina apur bat arakatuz gero, hor herri erdian, eraikin handi-handi bat dago. Bere sasoian gotorleku izandakoa. Gaur egun museoa eta, tartean, diktaduran, presondegia. Eta oraingo museoan esaldi bat: Ezetz esan zuten, bizitzaren urak garbi jarrai dezan.

Bai, asmatu duzue: preso politikoak izan ziren gehienak espetxe horretan. Diktaduraren aurka zeudenak, bai. Eta borrokatu zuten faxismoa kartzelan ere. Eta ihesaldi epikoak egin zituzten. Eta euren memoria gordetzen da (han ere txakurrak ortozik, herritar antolatuek lortu zuten espetxea ez bihurtzea hotel). Eta, hemen berritasuna, herritarrek askatu zituzten presoak mobilizazioen bidez diktadura jausi zenean (bai, diktadore guztiak ez dira ohean hiltzen).

Hau guztia, hurbil, Portugalen, Peniche herrian.

Mapak ez galtzeko lekua da Penichekoa, bai. Mapak ez ahazteko, kartografiak gogoan izateko. Faxismoa ez da inoiz joan (ez eta beste -ismo itsusi asko, matxismoa, kolonialismoa,...), baina orain badirudi indartsuago datorrela (noiz ez da egon?). Ahausiak gehiago entzuten dira, oldarraldiak gogorragoak ei dira. Eta betiko balio goibel eta txikerrekin datoz.

Bizitzaren urak garbi jarraitzea da derrigorrezkoa eta, horretarako, balio zatar horien hazkunde zero behar dugu. Eta bai, dosi jator batzuk ere beharko ditugu eusteko. Harako haiek esaten zuten moduko dosiak, noski: gogor eta hortzoira doazenak artez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA