Antzinako grezieratik datorren hitza omen da eklipse. Ekleípō aditzetik, hain zuzen, alde batera uztea, abandonatzea edo gelditzea adierazten duena. Latina jatorri duten hizkuntzetan, eklipse hitza eten, desagertu, gorde edo tapatu esanahiekin erabiltzen da egunerokoan.
1999an gertatu zen azken eklipse osoa. Euskal Herritik partzialki baizik ez genuen ikusi ahal izan. Orduan, Ilargiak segundo batzuez Eguzkia gorde zuen, baina urte hartatik honat beste gauza asko itzal egin dira, horiek luzarorako.
1999an, Itoitzekiko Solidarioak Londresko noria erraldoian zintzilikatu ziren. Geroztik, Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi eta Nagore herriak urak estali ditu, betirako.
Urte berean, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna baztertu zuen Frantziako kontseilu konstituzionalak, Konstituzioaren 2. artikuluaren izenean: «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da». Frantziaren menpe segitzen dugunontzat, gure hizkuntza ez da berriz argituko.
Altermundialismoaren ikur bilakatu zen desobedientzia zibileko ekintza bat egin zuten laborari zonbaitek, eta Millau herriko McDonald's-a «deseraiki». Neoliberalismoak aitzina egiten dueno, laborariek desagertzen segituko dute.
1999ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdi politiko frantsesak bozen %5 eskuratu zituen. 25 urte geroago, hauteskunde horiek irabazi zituen bozen %31rekin. Betaurreko berezirik gabe ikus daiteke faxismoaren itzala.