Iban Zaldua.

Konparaezintasun baterako

2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazakoa genozidioa ez dela defendatzen dutenek gerra gisa izendatzen dute, Hamasen erasoek piztutakoa hain zuzen: tragikoa, gerra oro bezala, baina gerra bat.

Azter dezagun, beraz, ikuspegi militarretik: ondo hornitutako armada moderno bat, antza, ez da gai izan, ia bi urte pasa direla, 365 kilometro kuadroko azalerako eskualde estu eta nagusiki hiritar bat guztiz kontrolatzeko, armada izena merezi ez duten indar irregularren kontra.

Eta, alde horretatik, bururatzen zaidan konparaketa ez da (demagun) Stalingradekin edo II. Mundu Gerrako edozein batailarekin, Espainiako Gerra Zibilarekin baizik. Gatazka hura (frankistak ez diren aditu gehienen arabera) askoz ere arinago amaitu ahal izan zitekeen Generalisimoak hala nahi izan balu, nagusigo absolutua, armetan eta laguntzan, altxatuen alde baitzegoen. Adibidez, Lleida hartu ondoren, 1938ko udaberrian, ia babesgabe zegoen Kataluniaren bihotzera jo izan balu, Valentzia erasotu ordez. Gerra urtebetez luzatu zuena, historialari militar askoren arabera.

Francok ez zuelako garaipena ahalik eta bizkorren lortu nahi, arerioaren eta batez ere norberaren bajak murriztuz, baizik eta etsaia osoki zanpatu, pixkanaka aurrera eginez, eta atzegoardia berriak sistematikoki garbituz, konkistatu ostean.

«Anti-Espainia» ezabatzea zelako, azken batean, xedea.

Gazakoa hainbeste luzatzeak, indarren aldea halakoa izanda, ez dauka beste azalpenik. Horregatik (ere) deitu behar zaio genozidio, eta ez gerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.