Alazne Arruti Bengoetxea.

Landareena

2026ko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustuko dut landareei erreparatu eta euren aldaketa, atzerapauso edo suspertze berriak miatzea. Eta ez, zenbaitek hala sinetsarazi nahi izan badigu ere, ez da kimikako edo biologiako ikasketa sakonik behar hauek bizirik mantentzeko.

Lehen, betidanik etxean edo inguruan izandako landareak bakarrik izendatu nitzakeen. Potosa, azeri buztana, garoa, mimosa, hortentsia, elefante hanka, geranioa... Eta ez nien arreta handirik eskaintzen.

Pixkanaka, etxeko helduenek lurra lantzeak duen garrantzia ikusarazi zidaten. Eta, ziurrenik, amonaren gonapean elizara joaten nintzelako ere, oraindik tristura sortzen didate lekuak edertu edo lurrintzeko baliatzen diren lore sorta ihartzen eta hautsa hartzen hasiek.

Orain, nire sare sozialen lorratzaren zati handi bat berdez eta lorez beteta dago. Eta horregatik izendatzen eta zaintzen dut, ficus, monstera, begonia, orkidea, singonio, filodendro, alokasia, sansiviera... eta jende helduaren izenak dituzten landareen zerrenda askotarikoago bat.

Aurrekoan Karmele Jaiok zioen lagunak ere landareen modukoak izan daitezkeela. Batzuetan kosta egiten dela adiskidetasun iraunkorrerako zaintzaren dosifikazioarekin asmatzea. Ez du arrazoi faltarik. Baina nik, batzuetan, nire oihanean galtzeko beharra ere sentitzen dut, kanpoko zaratari eta gizatasunari ihesi. Heldu beharrekoei lekua egin eta lurra hartu ostean, inguruko sarea taxuz zaintzen asmatzen saiatzeko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA