Iban Zaldua.

Luddismoa eta AA

2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Progresoaren ideologian hezitako historialari gisa, luddismoari gutxiespenaz begiratzeko akatsa egin nuen garai batean: makina-suntsitzaileena langile mugimenduaren historiako une atzerakoitzat hartzen nuen.

Gehiago irakurri ahala gauzak beste era batean ikusten hasi nintzen. Eta ohartu XVIII-XIX. mendeetako ludditak ez zirela nagusiki proletalgo industrial berriko partaideak, langabezia teknikora eta, onenean, soldatapeko bihurtzera kondenatutako artisau autonomoak baizik. Eta ez zirela, pintatu ohi ziren bezala, aldaketa teknikoaren aurkari itsuak, horrek hartzen zuen forma oligopolistikoarena baizik: botere teknologikoa eta aberastasuna gutxi batzuen eskuetan uzten zuen prozesuari aurre egin zioten, eta, negoziazio bide guztiak itxita, makinak apurtzeari ekin zioten.

AArekin dugun auzia antzekoa da, eta ezberdina aldi berean. Antzekoa, Industria Iraultzatik aurrera nagusi den paradigmari erantzuten diolako: berrikuntza gehienak metaketaren logikaren baitan gertatu dira, eta, borroka egin ezean, ezberdintasun sozialak handitzera eramaten dute.

Baina AAk dakarrena lan-trebezia jakin batzuk gutxi batzuen eskuetara transferitzea baino askoz gehiago izan daiteke: jendearen gehiengo bati norbere kabuz pentsatu eta erabakitzeko ahalmena galtzea ekar diezaioke.

Eta, ondorioz, baita borroka egiteko gaitasuna ere. Desberdinkeriarako jitea murrizteko edo alderantzikatzeko gizateriak izan duen tresna nagusia, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA