Itzea Urkizu Arsuaga.

Musak

2025eko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Magikoa da gaua udan. Edozein ekintza sinple gogoangarri bilakatzen da izarren azpian eta galtzamotzetan egiten bada.

Gaua: literaturari, arteari, kulturari mendez mende edaten eman dion iturri eraldatzaile eta efimero hori. Musak ere gauez etortzen omen baitira, auskalo nondik hona, sormena piztera eta ideia zoragarriak xuxurlatzera sortzailearen belarrira.

Balkoira atera naiz, beraz, zutabe honetarako musaren batekin enkontru bat sortuko zaidan itxaropenez. Ez dut arrakastarik izan; beste norabait joanak izango ziren.

Musen partez, dozena bat haur atera zait parera, beren bizitzetako uden memorian ezabaezin bilakatuko zaien gau bat bizitzen. Harrapaketan jolastu, ilunpetan bainu bat hartu, zabuan aspertu arte ibili edo izarrak ikusi. Haurtzaroan helduen territorioan jolasean ari zarela sentitzea baino euforia eferbeszenteagorik...

Metro batzuk harago, dozena bat gazte, pintto-pintto jantzita, festara joateko pronto, ordu txikien magia osoa zukutzera. Edateko duten gauari buruzko azalpenik ia inori eman behar ez izateko bezain heldua zarela sentitzea baino euforia eferbeszenteagorik...

Pentsatu dut beharbada musak horrela etorri direla gaur: gauaren magia ere ziklo bat dela erakustera, zutabe hau nostalgiatik eta pozetik idatzi beharko nukeela belarrira xuxurlatzera.

Gure haurrak betiko gogoratuko baitu aurtengo uda eta haren plazer guztiak. Eta ez da ama izan eta zure txikia pozik ikustea baino euforia eferbeszenteagorik.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.