Patxi Larrion Galdeano.

Ozazeko hondartzan

2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizkoak ez dira bakarrak, ugariak eta ezberdinak ditugu ibaiek moldaturiko hondartzak. Lurdes Iriondo pastoralaren karietara, Ozazeko hondartzan abaroa aurkitu genuen uztail hondarreko neskenegunean.

Zuberoan ere apetatsuak gertatzen dira Ibaietako hondartzak. Gizakion esku hartzea gorabehera, Uhaitzak ohea aldatzen baitu urtetik urtera. Freskotasunaren xerka, aintzat hartu beharreko afera da.

Kanbiatu ez dena maitasuna ospatzeko gogoa duzue. Patuaren kiribilek bikote gazte baten ezteietara eraman gintuzten arrats hartan. Auzolanean apailaturiko festa Ozazeko hondartzan, oro autogestioa, gonbidatuek maneiaturiko hazkurria, edari kontuetan sor-marka anitz, bertsoren bat, aurreskua, kantua, dantza, irri ez guti, eta gozoki elkar entelegatzeko hiru bat hizkuntza batera.

Ezusteko bat falta zitzaigun, nonbait, eta hiru hilabeteko lehorraldiaren ondotik ekaitza lehertu zen Ozazeko hondartzan: 25 litro euri, ilundu aitzineko bi orenetan. Karpa batek babestu zituen gure olgetak. Mahuka motza mahuka luzea bilakatu zen dantzan ginelarik, hori bai xantza! Uhaitzak bezain apetatsuak gerta daitezke ekaitzak.

Ozaze Jaurgainian kantoreari aitzi eginez edo, uztail hondarreko neskenegunean Ozazen urrezko bi zitroinek elkar zukutuko zutelakoan. Anitz urtez!
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA