Patxi Larrion Galdeano.

Ura lar

2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Lorea, Jakin aldizkariaren egoitza duela ia 33 urte; elkarrizketak Urbasa eta Urbia lotzen zituen mandabidetik barna garamatza, eta deblauki, bidezidor bat hartu, eta espero ez genuen iturritik edatera gonbidatu gaitu Joxe Azurmendik: «Uralar behar zuen. Urbasari ura dario, Urbian errekatxoak emaria bideratzen du. Inondik ere, Aralarrek Uralar behar zuen». Maurice Ravelen ur jolas bat iruditu zitzaigun filosofo zegamarraren josteta etimologikoa.

Aipatutako mandabidea ez zitzaion arrotza Kandido Aizpeolea Zeraingo artzainari. Bi mendilerroetan, Urbian zein Urbasan gobernatu baitzuen artaldea. Kandidok Ahotsak.eus atarian aletu zizkigun bi eremuen arteko aldeak, konparazio batera, ur hornidurarena: «Urbasako Eltxoen iturria behin ere ez zen agortzen, han ur faltarik ez zen sekula egon. Urbiak iturri onak badauzka, baina ura txabolaraino bizkarrean eraman egin behar; hori bai, ardiak pertsonen igualak dira, nabari egiten da gustura daudenean». Nonbait, Zeraingoak izaki, Urbian laketago ziren ardiak.

Mandabideetan barna dabilen aberea edo gizaberetxoa ez da urruti helduko bideko iturriak ezagutu ezean. Joxe Azurmendik emari lar joria utzi digu, aberearen gisara, mandabide horiek urra ditzagun eta iturri horietatik edan dezagun, inoren baimena eskatu beharrik gabe.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.