Patxi Larrion Galdeano.

Zubirik zubi

2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagun bati omen egitea xede, Murietan hitzordua egin genuen iragan ostegun eguerdian. Larrionen sabela berdindu ondotik, arratsean, omendutako lagunak promenatze ilustratua eskaini zigun Egako hirian barna.

Erran gabe doa, ura izan zen kontuetako bat. XVIII. eta XIX. mendeetan Lizarrako industriak eta horiek mugiarazteko ur sistemak aletu zizkigun zubirik zubi.

Errotak eta presak ahaztu gabe, gure galdera gehienek batanaren edo pilategiaren funtzionamendua entelegatzea zuten helburutzat. Lagunaren azalpenei esker, pilategiko mazoen kolpeak aditzera eta ikustera iritsi ginen.

Kartzelako zubian geundela, iragarritako ekaitza lehertu zen, eta Fortunato Agirre zubiaren azpian bilatu genuen abaroa. Lagunaren jarioa uraren emanarekin lehian ari zen, baina haizea kontra zuen, eta ezinbestean Hilobi Santuan babestu ginen. Lagunak elizako atarian amaitu zuen bere lana.

Elekak 1801eko maiatzera eraman gintuen. Erauntsiak gertatu ziren Ega ibaiaren arroan, eta uholdeek La Mercedeko zubia eraman zuten. Txikizio horren ondorioz, udalak hiru presa eraisteko agindua eman zuen. Urak berez ez du presa baten abarorik behar.

Promenatzea bukaturik, hondarreko zubia igaro eta Hiri Buruzagira itzuli ginen. Autoaren haizetakoak ederki bete zuen bere funtzioa.

Agorrileko tradizioa amaitzear delarik, hona hurrengo hilabeteari buruzko esaera bat. Irailak... edo zubiak eraman, edo iturriak agortu. Iturri hau akitu da, zubiak eraikitzeari ekin beharko diogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA