Stuart Hall pentsalariaren sei saiakera bildu eta itzuli ditu Ibai Atutxak Kultura, aurkakotasuna, boterea liburuan (Katakrak, 2024): hilaren hasieran Bilboko Zirika liburu-dendan izan ginen liburua aurkezten, eta han hitz egindakoetatik abiatuko naiz gaur. Baina, lehenik, aurkezpenak.
Hall funtsezko figura izan zen kultur ikasketen hastapenetan, kultur ikasketak egiteko modu baten sustatzailea —ez derrigor gaur egun kultur ikasketetan gehien lantzen dena—: besteak beste, Birmingham-eko (Ingalaterra) Kultur Ikasketa Garaikideetarako Zentro entzutetsua zuzendu zuen bolada luze batez, eta thatcherismoaren kontzeptua, gaur egun ulertzen dugun eran, mamitu. Jamaikako hiriburu Kingstonen jaio zen 1932an, uhartea artean britainiarren kolonia zenean, eta ikasketa-beka bat tarteko Ingalaterrara joan zen bizitzera, 1950eko hamarkada gorian. Beste uharte hartan beltza izateak zer esan nahi zuen berrikasi behar izan zuen orduan.

Teorialari gisa aipagarria da Hall, ez bakarrik esan zuenagatik, baizik eta bere ideiak zabaltzeko aukeratu zituen moduengatik. Ez zuen sekula argitaratu berak bakarrik izenpetutako libururik; kolektiboan aritu zen beti —bere autobiografia ere lau eskutara idatzi zuen!—. Ez zuen argitaratu liburu handirik, bere magnum opus-tzat jo daitekeenik, saiakera mordo bat baizik. Atutxak hitzaurrean dioenez, eztabaidarako tresnak ziren Hallentzat testuak, eta hain justu eztabaidak irekitzen dituztelako eta Euskal Herrian zabalik dauzkagun eztabaida batzuekin lagungarri suerta dakigukeelako ekarri ditu orain berak euskarara.
McKenzie Warkek ere gogotik irakurri zuen Hallen lana, eta Atutxarekin ados dago: oso kontuan izan behar genuke egilea. Liburuaren hitzostean —Hallen heriotzaren ondoren (2014) idatzitako obituarioan—, hala dio: «Ez dago koiuntura argitzen duen metodo magikorik. Metodoak, izan ere, probatu, berrikusi eta, are, alboratu egin behar dira. Teoriak, izan ere, tresnak dira, besterik ez. Ez dira magia. Gure garaian, non hainbat filosofia ex-marxistarekiko fede mistikoa goratzen ari den, Hallen pragmatismoa onuragarria zaigu oraindik».
Kultur ikasketek Hallez geroztik hartu dituzten bideen harira, berriz, honakoa dio: «Jende mordo batek bere bidea egin zuen hamaika norantzatan eta neurri batean behintzat Hallen lanean oinarrituta. […] Atzera begiratuta, gauza batzuk izugarri gaizki atera ziren kultur ikasketen ulerkera estatubatuarrean. […] Fiskek kultura popularraren polibalentzia azpimarratu zuen, hura irakurtzeko moduen aniztasuna. Hori ez da gauza txarra berez, baina bidea ireki zion kultur ikasketak egiteko modu bati non aski baitzen testua irakurtzea, haren korapiloak askatu gabe, testua bera ulertu gabe haren egoera sozial, performatibo eta erlazionaletan. Gordin esanda, Fiskeren ostean gerta zitekeen Madonnaren bideoak ikustea eta ondorioztatzea ‘erresistentzia’ zirela».
Teoriak, jakina, magia ez izateaz aparte, testuinguru jakin baten fruitua dira, testuinguru jakin batean ekoitziak behinik behin, eta itzultzaileok ondo dakigun moduan, jatorri-hizkuntza (jatorri-kultura, jatorri-egoera) batetik xede-hizkuntza (xede-kultura, xede-egoera) batera ekartzen ditugunean gauzak, prozesua ez da automatikoa, ez lañoa, ez neutroa. Landu egin behar da, eta orduan ere irizpide eta helburu batzuen arabera gauzatuko da.
Adibide bat jartzearren, Halli euskaratu zaion lehen liburu honetan aurkakotasun-irakurketa delakoaren itzulpen emankor bat proposatzen zaigu. Kontzeptu hori Kodetzea eta deskodetzea testuan azaltzen du Hallek, eta Atutxak zein Warkek azpimarratzen dute.
Warkek, esaterako, bere eskoletan erabiltzen omen du oraindik, ekarpen hau nabarmentzeko: ez dago zertan kode bera erabili mezuak kodetzeko eta deskodetzeko. Edo, bestela esanda: «Baliteke kultur industriak edo Thatcherrek klase-interesaren eraikuntza jakin baten arabera kodetzea mezuak, baina horrek ez du bermatzen hartzaileek kode berbera erabiliko dutenik deskodetzeko». Baliteke, izan ere, hartzaileek —guk— kode horri aurka egitea. Baliteke, Atutxak hitzaurrean dioen eran, hedabideek esatea «Osasun zerbitzu publikoak azpikontratatzea efizientzia ariketa bat d[el]a; Trans legeak eta genero ideologiak emakumearen eta feminismoaren kontra egiten du[tela], eta Palestinaren aurkako gerra Mendebaldeko balioen defentsa d[el]a», baina guk, aurka-irakurriz, jakitea ezetz. Are gehiago, jakitea quenipa.
Hallen esanetan, «modu negoziatuan aditzera eman eta deskodetutako gertakizunekin halako aurkakotasun-irakurketak egiten hasten denetan gertatzen dira» momentu politiko garrantzitsuenak. Ongi etorriak daitezela gurera.