Espainiar agintariek ekintza terrorista larritzat jo zuten Altsasuko taberna batean izandako liskarra, parte hartzaileek hainbat urtez espetxeratuz. Aldi berean, ordea, zeharo ukatzen dute torturapean hildakoak Estatu terrorismoaren biktimak direnik.
Hala gertatu zen ETAko militanteak zirelakoan 1981ean Guardia Zibilak Almerian hiltzeraino basatiki torturatu zituen hiru gazteekin edo urte berean 72 poliziaren artean txikitu zuten Joxe Arregirekin. Frogak hain nabarmenak izan ez balira, oraindik ukatzen jarraituko zuketen torturatu egin zituztela. Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabaltza, Gurutze Iantzi eta beste hainbat lagunekin gertatua lekuko.
Temati ukatzen dute torturapean hildako lagun horiek Estatu terrorismoaren biktimak direla, eta, ukatzen jarrita, frankismo garaiko Estatu terrorismoa bera ere ukatu egiten dute. Hau da, biolentzia mota batzuk erraz asko jotzen dituzte terroristatzat. Aldi berean, baina, zeharo ukatzen dute Estatuak terrorismorik egin dezakeenik legez kanpoko are biolentzia larriagoa erabiltzen duenetan.
Nazioarteko legeen arabera, torturaren debekua erabatekoa da hiltzearena ez bezala. Legalki hil daiteke, heriotza zigorra aplikatzen duten estatuetan eta gerretan ez ezik, baita norbere burua defendatzeko ere. Torturak, ordea, ez du onartzen inolako salbuespenik, inongo egoeratan ere ez. Torturatzen duen edonor, eta baita laguntzen duena ere, gizadiaren kontrako krimen bat egiten ari da.
Horrenbestez, ez da batere harritzekoa Deustuko Unibertsitatean Etikako Katedradun izandako Xabier Etxeberriak bi terrorismo mota bereiztea. Batetik, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena». Bestetik, «Estatuak berak eragindakoa, zeinaren adibiderik larriena tortura baita, Estatu terrorismoa».
Torturaren ukatzaileek biziki goraipatzen dute Etxeberria jauna, oso gogoko baitute ETAren biktimei buruz dioena, baina ez diote kasu zipitzik egiten Estatuaren biktimei dagokionez. Hark oso argi baitio, ETAk ez ezik, espainiar Estatuak ere terrorismoa praktikatzen duela. Bereziki, Estatu terrorismorik larriena den tortura zeina, gogor salatu zuenez, ez den baztertu, «ezkutatu baizik».
Xabier Etxeberriak ezin argiago esan du, halaber, zein izan den ezkutatze horren eragina: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du. Bestetik, izan daitekeen babes faltarik handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».
«
Tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar gezurtitzat jo dituzte, frogaren zama guztia haiengan jarriz [...]
Injustizia itzel hori konpontzeko, proposamen egoki askoa egin zuen Jon Mirena Landak. Hain zuzen, torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea»
Hala izanik, tortura desagerrarazteko borrokari eusteko eskatu zuen Etxeberria jaunak, gomendatuz: «ageriko egin dadin saiatzeko, lau haizeetara tinko zabalduz jendeak jakin dezan». Torturaren ukatzaileek, ordea, hain justu guztiz kontrakoa egin dute. Tortura kasuak ahal bezainbeste ezkutatu eta nazioartean tortura desagerrarazteko lanean diharduten erakunde guztien gomendio eta irizpideei muzin egin.
Gainera, tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar gezurtitzat jo dituzte, frogaren zama guztia haiengan jarriz, ederki dakiten arren ia-ia beti guztiz ezinezko zaiela frogatzea benetan gertatua. Amnistia Internazionalek oso egoki salatu bezala, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Torturatuei gertatu zaiena frogatzea ezinezko egiten duen zulo beltza.
Injustizia itzel hori konpontzeko, proposamen egoki askoa egin zuen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak. Hain zuzen, torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea. Bestela, espainiar agintariek beren jarrera ukatzailean gotorturik jarraituko baitute.
Azpimarratzekoa da, bestalde, jarrera ukatzaile hori zeharo kontrajarria dagoela Xabier Etxeberriak defendatzen duen beste ideia oso garrantzitsu batekin. Hark baitio ezinbestekoa dela berak aipatu bi terrorismo motetan ardura izandakoek eragindako kalte guztia onartzea. Hau da, bi aldeek onartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta urraketa horiek biktimei eragindako mina.
Gatazkak konpontzen adituak diren nazioarteko eragileek beti nabarmendu izan dute horixe dela oinarrizko baldintza edozein gatazka konpontzeko: eragindako kaltea eta erantzukizunak onartzea. Eta horixe da Ezker Abertzalea pausoz pauso egiten ari dena, Estatu terrorismoaren arduradunak ez bezala.
Izan ere, alde batek ez du inoiz bere erantzukizuna inoiz ukatu, eta besteak, berriz, beti eman dio uko borobila berea onartzeari, eta horregatik da hain garrantzitsua Jon Mirena Landak aspaldi egindako beste proposamen bati ere behingoz kasu egitea. Hain zuzen, egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea, besteak beste, Estatu terrorismorik larriena den torturaren ukazioa iker dezan.
Hori baita biderik egokiena torturaren milaka biktimek behingoz jaso dezaten orain arte ukatu zaien egia, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaien bermearekin. Behar-beharrezkoa baitute.