Handik eta hemendik

Galdu eta irabazi

Imanol Murua Uria.
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Joxe Mari Olarrak artikulu esanguratsua idatzi zuen ziegatik iaz («El salto del muelle», Gara,2010ko irailak 13): uztaian barrena pasatzea beharrezkoa bazen pasa egin behar zela zioen, zalantzarik gabe borroka armatua uztearen aurka zeudenei zuzendutako idatzian. «Mekanismoak kontrolatzen dituen gailua» uztaiaren beste aldean egon zitekeela argudiatu zuen, uztaiaz jabetzeko aukera ere eman zezakeela beste aldera pasatzeak.

Pasa dira: aurrena ezker abertzale politikoa, eta berriki ETA. Mundu guztiak irabazi du erabakiarekin eta, aldi berean,ikusmolde zahar batzuen porrota agerian utzi du. Egurra emanez —segurtasun indarretako kideen gorpuak mahai gainean jarriz— ETAk berak zuzenean Estatuarekin irtenbide politikoa negoziatzeko ahaleginak porrot egin zuen aspaldi, eta egurra emanez —hautetsien gorpuak ere mahai gainean jarriz— Estatuaren aldetik erabaki eskubidearen bermea lortu eta negoziazio politikoa alderdien esku uzteko ahaleginak ere huts egin zuen. ETAren indarkeriari buruz HBk eta Batasunak eman izan duten azalpena ere nabarmen gelditu da bukaera honekin: atentatuak gatazka politikoaren ondorioa ziren, egia, baina ez ziren ondorio derrigorrezko; gatazka politikoa ez da konpondu, baina ETAren indarkeriarik ez da dagoeneko; orain hala bada, lehen ere izan zitekeen.

Baina argudio eta estrategia galtzaile haiek bultzatu zituztenak ez dira orain inolaz ere galtzaile, hain zuzen ere estrategia haiek egokitu ez, guztiz aldatzeko gauza izan direlako. Malgukiari buruz ere mintzatu zen Olarra artikulu hartan: «Malgukiak atzera egiten du eta aurkariak garaitu egin duela aldarrikatzen du, baina atzera egitean, malgukiak indarra metatzen du eta energiaz betetzen da helbururaino eramango duen jauzia egiteko».

Javier Perez Royo katedratikoak atzo El Pais-en idatzitako artikuluak gogorarazi dit Olarraren malgukiarena. Perez Royoren ustez, Estatuaren aurkako gerra galdu egin dute ezker abertzaleak eta ETAk, baina, porrotaren ondoren, beste inor baino hobeto ari dira kokatzen sistema politikoan: Bildu indartsu sartu zen udal eta foru erakundeetan; Amaiurrek talde parlamentarioa izan dezake Madrilen; eta «pentsaezina» zena jada posible da: ezker abertzaleko buruzagi bat lehendakari izatea. Handia bota du: «Terrorismorik gabe politika egiten eroso ari den indar politiko bakarra ezker abertzalea dela dirudi».

Urruti samar joan da agian Perez Royo, gauza bat baita Eusko Legebiltzarrean lehen indarra izatea, eta beste bat lehendakari izateko aurkariek elkar hartuta baino babes parlamentario handiagoa lortzea, baina egia da ezkerreko indar subiranisten itxaropenak oso handiak direla egoera berri honetan.

Baina ez zegoen 2011ra arte itxoin beharrik, borroka armatua uztea abertzaletasunarentzat malgukia izan zitekeela jabetzeko. Lehenagotik ere suma zitekeen, baina Lizarra-Garaziko prozesuak argi erakutsi zuen hori. Benetan zaila egiten da—oraingo ondorioen argitan are zailago— ordukoa nolatan bukatu zen ulertzea. Xabier Letonak Argia-n bota du galdera, denboran atzerago ere eginez: «Zeren eta, borroka armatua orain ezker abertzalearen helburu zehatzak lortzeko jadanik akuilu ez bada eta oztopo bada, zergatik ez zen horrela Lizarra-Garaziko sasoian? Eta zergatik ez Aljerrekoaren ondoren? Eta zergatik ez behin Gernikako Estatutua onartu ondoren? Eta hala, bakoitzak erabaki dezake noraino eraman galdera atzera, noizbait ETAri adostasunez, begirunez edo ulerkortasunetik begiratu badio behintzat».

Malgukiarena egia da. Perez Royok arrazoi du. Ezkerreko indar subiranistak inoiz baino indartsuago daude. Baina, ETAren borroka armatuak hainbeste irauteak eragin duen sufrimendu guztia gogoan, gogoeta askoren buruan dagoelakoan nago: hainbeste irabaz zitekeen, hainbeste galdu (eta galarazi) beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.