Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Guillem

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aste honetan, 30 urte bete dira Guillem Agullo gazte independentista eta antifaxista valentziarra hil zutenetik; nazi talde batek hil zuen, segada batean. Hogeita hamar urte geroago, Guillem Agullo sinbolo bat da herri osoarentzat, eta hamaika modutan egiten zaio gorazarre: abestiak egin dira haren omenez, horma irudiak, filmak eta posterrak, eta haren izena jarri zaie zenbait kaleri, plazari, eskolari eta sariri; esate baterako, Valentziako Generalitateak sari bat sortu zuen haren omenez. Hainbesteraino, non Guillem esatea nahikoa den Guillem Agullo esateko.

1993ko apirilaren 11n hil zuten, eta kolpe oso gogorra izan zen, baina herriaren kontzientzia astintzeko ere balio izan zuen, batez ere Valentzian. Esan daiteke haren heriotzaren harira jaio zela errealitatea aldatu zuen gazteen belaunaldi bat, eta Guillem izan zela gazte haien inspirazio iturria kulturan, politikan, gizartean...

Hogeita hamar urte geroago, astearte honetan, berriz oroitu zuten Guillem, batera eta bestera. Batez ere, haren jaioterrian, Burjassoten: manifestazio batek kaleak zeharkatu zituen, Guillem AgullĂ³, ni oblit ni perdĂ³ oihuka (Guillem Agullo, ez dugu ahaztuko, ez dugu barkatuko).

Baina 30 urte geroago, Martxelo eta Maria, Guillemen familiak izandako garrantzia nabarmendu nahi nuke, Guillem haiei esker bihurtu baita gaur egun hainbestek maite duten sinbolo hori.

Guillemen aita-amak, Guillem eta Carme, eta Betlem eta Carmina ahizpak jo eta su borrokatu dira haren bizitza —18 urterekin kendua— eta oroimena duintzeko. Jasan behar izan zuten estatua eta tokiko hedabide batzuk haren heriotzaren izaera politikoa desitxuratzen saiatu izana. Aurre egin behar izan zioten epaiketa maltzur nazkagarri bati. Eta, gero, ikusi behar izan zuten hiltzailea nola ateratzen zen espetxetik, eta nola aurkeztu zen hauteskundeetara, eskuin muturreko zerrenda batean.

Bistan denez, askok lagundu diete bide horretan: Obrint Pas musika taldeak, inoiz idatzi duen abestirik enblematikoena eskaini baitzion; Nuria Cadenes idazleak, liburu bikain bat idatzi baitzuen hari buruz; Guillemen lagunek; Burjassoteko Bassot elkarteak; ezker independentistak; hasiera-hasieratik haren alde egin zuten abokatuek; erakunde antifaxistek. Baina nabarmendu nahi dudana zera da, lau senide horiei esker bihurtu dela haien semea herri osoaren seme, herri osoaren anaia, herri honetan gertatzen ari diren gauza askoren aita. Eta horregatik eman nahi dizkiet eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA