Leire Vargas 2

Galdetu ChatGPTri zer den aurrerapena

2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat urte daramatzagu teknologiak «gain hartuko digula» esaten? Apustu 1990ean, Interneteko lehen bilatzailea sortu zenean, titular batek baino gehiagok aldarrikatu zuela tontotzeko bidean geundela. Gaur egun, berriz, Alexari agintzen diogu irratia jartzeko, bi botoi sakatu behar izatea saihesteko. Jendeak adimen artifizialeko txatbotak ditu bikotetzat eta, Argia-k orain gutxi kontatu zuenez, bada oporretan lagunekin edo gurasoekin joan erabakitzeko ChatGPTri galdetzen dion haurrik.

Muturreko adibideetara jo dut, noski. Hasteko, eskura dugun tresna oro da teknologiaren ondorio. Azken aurrerapenei begiratuta, berriz, adimen artifiziala oso erabilgarria izan daiteke. Bioteknologian tesia egiten ari den lagunak esan zidan datuak sailkatzen eman beharko lituzkeen hainbat hilabete aurreztu dizkiola, eta marketin digitalean ari denak ere egunero darabil.

Edozein kasutan, argi dago errazagoa dela ChatGPTri galderak egin eta erantzun zehatz, garatu eta egituratuak jasotzea bueltan, hamaika webgunetan bila ibiltzea baino. Oso erosoa da azalpena kopiatu eta itsastea, edo eskema garbi batean adierazitako argibideei jarraitzea.

AA sortzaileak (hala deitzen baitzaio irudiak, testuak, bideoak eta bestelako datu-formak sortzen dituenari) erantzun irmo eta argiak ematen ditu, zalantzari tarterik utzi barik. Horrek badu alde ilunik, ordea: erraza da adierazpide sendoa objektibotasunaren seinaletzat hartzea. Egia da, Googlen bilatzen dugunean ere, emaitzen hurrenkera hierarkia jakinek determinatzen dutela. Baina hor, behintzat, agerikoa da nolabaiteko iturri-aniztasuna, eta horrek berak eraman zaitzake batek edo besteak izan dezakeen partzialtasuna planteatzera. Bilaketak muga daitezke, eta bada webgune fidagarriak identifikatzeko irizpiderik.

Ezagutza partekatu eta kontzientziaz erabaki dezagun nora goazen; kasu honetan, klik txikiek pisuzko erabakiak gordetzen baitituzte

Gainera, ez dakit argi dugun noraino heltzen den AA gehienen neutraltasun falta. ChatGPTk Trumpen administrazioa finantzatzen du, eta Israelek AAzko armak darabiltza Palestinar herriaren kontra. Grok izeneko AA emakumeen bi milioi irudi sexual sortu eta partekatzeko erabili da, inongo baimenik gabe. Ez da harritzekoa, bestalde, haren jabea Elon Musk bera baita.

Horrek guztiak eragina du tresnok jatera ematen diguten informazioan: Grokek, zenbait erantzunetan, zalantzan jarri zuen Holokaustoa gertatu zenik, adibidez. Baina geuk horiek erabiltzean elikatzen ditugun poltsikoez ere badio zerbait. Izan ere, baliabide hauek erabiltzeak ondorio ekonomiko zuzenak dauzka. ChatGPTn doan sar daitekeen arren, hari iragarkiak txertatzen proba egin berri dute AEBn. Horrekin batera, litekeena da aurrerantzean marken babesa onartzea eta, hark gomendatutako zapatilak erosten badituzu, adibidez, diruaren zati bat bertan geratzea. Sinple eta erraz: zure kliketik, Trumpen ileorde berrira. Eta hori guztia baliabide naturalen erabilera neurrigabea aipatu barik (irudi bat sortzea: 5 litro ur; galdera bat egitea: Google-bilaketaren ur-kontsumoa halako 10).

(ID_17728008524535) (/EZEZAGUNA)
DOM CAMPISTRON

Hori gutxi balitz, gauzak asmatzeko joera ere badu AAk. Existitzen ez diren liburuak aipa ditzake, kasu. Argi dago, beraz, kritikoak izan beharra dugula; eta bereziki zaintzekoa da haur eta gazteak kritikotasun horretan heztea, tresna hauei etxe eta eskoletan tokia egitekotan. Ordea, zelan egin hori hezitzaileok ere ez ditugunean menperatzen haien funtzionatzeko moduak?

Aurrerapen gehienekin gertatzen dena da abian jarri eta gerora arte ezin dugula jakin zelan eragingo dioten gizarteari, eta kezkagarria da hori mundua inoiz baino azkarrago aldatzen ari den garaiotan. Hemendik 20 urtera, belaunaldi gazteenek ez badakite datu-multzo batean garrantzitsua dena identifikatzen, ez dugu atzera egiterik izango. Esango nuke, gainera, erraztasunera ohitzean, hura gabe bizitzeko gai izateari uzten diogula; nik neuk nekez jakingo nuke bizitzari eusten bihar Internet kenduko balidate. Bizitza erraztea ondo dago, baina identifikatu behar dugu non hasten den errazkeria. Eta, AA gehienak nondik datozen ikusita, kritikoak izateaz harago, uste dut apur bat eszeptikoak ere izan behar genukeela.

Teknologiak «irentsiko gaituela» diogu, baina teknologiak ez du agentziarik. Hauek ez dira, filmetan bezala, kontzientzia beregaina garatu eta haien jopu bilakatuko gaituzten robotak. Inork gain hartuko badigu, izatekotan, tresnon atzean dauden handikiak izango dira, haien interesen alde.

Ertz askoko gaia da, hortaz, eta ezin da teknologia bai/teknologia ez dualismora mugatu. Beharbada berban bertan dago arazoa: zelan ez hartu desiragarritzat aurrerapena dakarren zerbait? Bada, igual zalantzan jarri behar genuke zeri deitzen diogun aurrerapen. Gauza bera al dira aurrerapena eta berrikuntza? Eta, are, aurrera egitea komeni ote zaigu mendebaldeko gizarteak hartu duen noranzkoan? Gaur-gaurkoz, gobernuek nekez mugatuko dituzte tresna hauek interes kolektiboen alde; baina horrek ez du esan nahi ez dagokigunik, kolektiboki, honen baitan hausnartu eta aldarrikapenak garatzea. Ezagutza partekatu eta kontzientziaz erabaki dezagun nora goazen; kasu honetan, klik txikiek pisuzko erabakiak gordetzen baitituzte. Eta, Alexak zure egongelan tokia egingo badu, ez da leihoan zirrikitu bat zabaldu eta bidea ezkutuka egin duelako izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA