Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Hautu politikoa eta polit askoa

2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Abuztuaren hamahirua zure eguna ere bada efemerideei begira jarriz gero. Ezkertia zarelako. Eta ezkerrak badu eskuinak ez duen xarma bat. Ni eskuina naiz, baina ezkertiarra. Zure ezkerra eta nire eskuina, politikan ez bezala, ondo konpontzen dira. Ezkerrari eskerrak. Hautu politikoa da gurea ere. Negoziazio mahai asko elkarbanatu ditugu. Batzuetan zuk autogobernatu duzu, beste batzuetan nik. Elkarrekin ahal dugula sinesten dugulako egin ditugu paktuak. Patuak zer ekarriko digun ez baitakigu.

Nire aldeko bozka zure hautetsontzian sartzea erabaki nuen duela zenbait urte, hauts ontzian sartzen nauten arte beti zure alderdira lerratuko naizela ere hitz eman nuen. Hitzak hots eta hotsak huts izaten dira askotan, eta paper baten aurrean hitz ematea errazagoa da bizitzaren aurrean hitzekoa izatea baino. Beraz, geroak bai edo ez erabaki dezan utziko dugu.

Gure lurraldea, ordea, beti ez da errepublika askea izan. Gure bizitokian ere badira aliantzak hausten dituztenak. Orbitak alineatu ordez hor biak alienatzen direnean, akabo adostasunak! Inkordioak gehiago akordioak baino. Txikitik ondo eragiteak izugarri balio baitu!

Nire ideologiarekin eta nire idealekin bat egiten duzu, baina iritziz aldatzeko tentazioari eustea ez da beti erraza. Independentzia goseak kalera atera eta nire askatasuna aldarrikatzera bultzatu izan nau. Ezker bildua eta esker batua zara, ordea, eta zure besoetara itzultzen naiz beti.

Gu, eusko alkartasunak baino, esku elkartasunak babesten gaitu, eta egunerokoan ere bakoitzak ondo zehaztua du bere alderdia. Inoiz eman izan didazu bizkarra. Batzuetan haserre, eta besteetan laztanak jasotzeko. Badakizu zer den goitik aritzea, baita behetik agintzea ere. Badakizu ezkerra nola dantzatu, eta eskuina nola mugiarazi. Guk ez dugu inbestidura-ekitaldirik ospatuko, guk ere UPN siglak (ume politen nagusi) bete arren, denak ez baitaude bi ama izatearen alde. Politikan bezala, guk ere gure ama izan nahiaren borrokan galdu ditugu oinordeko batzuk, gaurko egunez horietako bat, duela zazpi urte.

Ikusiko da elkarrekin zenbat legegintzaldi osatzen ditugun, laztana, baina bitartean segi dezagun biktima izateari utzi eta gerra galduetan ito gabe. Sobera ni dagoen gizarte honetan, ea gu bat eraikitzeko gai garen, minoriaren soberania aldarrikatuz. Ezkerrik asko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.