Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Gorrotoa heriotza mota bat da

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Gorrotoaren miseria.

Hauteskunde garaiak eman du franko okasio gorrotoaz mintzatzeko: gorrotoa lege bihurtuz zebiltzan politikari eta kazetari eta epaile askoren bihotz-mingainak. Aspaldi abisatu zigun Joserra Garziak Itsasoan euri liburuan: «Politikak daraman martxan laster ez zaigu geratuko beste ispilurik gorrotoaren miseriarena eta geure miseriaren gorrotoa baino». Futbol zelaietako irudietan ere ikusi eta entzun berriak gara, enegarren aldiz, hainbat futbolzaleren gorrotoa oka-botaka. Baina «ez da gauza bera —idatzi berri du Nahat el Hachmi kazetariak— futbolista aberats bat iraintzea eta beltz pobre desesperatu batzuk zigortzea mugan». Ez, ez da ezta ere gauza bera futbolista ar beltz dirudun bat iraintzea, eta arbitro eta linier eta jokalariak iraintzea emakume izateagatik soilik: zuri izateak ez ditu libratzen. Azken erasook ez dira hedabideetan agertzen. Azken asteetako gorrotoen zerrenda ixteko, Orioko eta Gasteizko hilketa matxistek eragindako lazturak ez du jada tokirik hedabideetan. «Abere gaiztoa da gorrotoa»: euskal esaera zaharra beti berri da matxisten gorrotoan.

Oihartzunik gabeko gorroto egunerokoak ez dauka izkribatzailerik, apenas mintzatzen garen populismoak, matxismoak eta arrazismoak, bakoitzak bere moduan, jariatzen duten gorroto egunerokoaz. Beste aldera begiratzen dugun gizarte bat gara, dotore jokatzen dugu errugabe papera. Ikusi nahi ez ditugulako ez ditugu ikusten pertsona ezberdinak; entzun nahi ez ditugulako ixten dizkiegu belarriak iritzi desberdinei; eraman ezin ditugulako ez ditugu onartzen bizimodu arrotzak. Diferenteak direlako. Beren presentzia hutsak —sexuak, koloreak, hizkuntzak, janzkerak...— gure mundua itxuraldatzen du. Eta arazoren bat gertatzen bada, kortesia politikoaz disimulatzen dugu gorrotoa —itxurakeriak ondo kotizatzen du—, baina indiferentziaz apaindutako gure ezinikusia ez da gorrotoa baino, ezinikusiak gorrotoaren hazia darama, gutxi-asko, gure barrunbeetan (Euskaltzaindiak biak, gorrotoa eta ezinikusia, sinonimotzat jotzen ditu).

Bada, zer dio gure baitako ispiluak gorrotoak —indibidualizatuak, sozialak, profesionalak...— duen lekuaz gure eguneroko bizitzan? Ispilu intimoenari egindako galderak ariketa mental eta moral higienikoa behar luke eragin. Baina lotsatu egiten gaitu galdetze hutsak. Edo kikildu.

Joan zen larunbatean Jose Mari Pastorrek halako galdera higieniko bat egin zuen berripaper honetako Darwin eta gu sailean arrazakeriaz: «Arrazakeria dago Espainian? Bai. Eta Euskal Herrian? Ez dut uste horretan beste edonon baino hobeak garenik».

Gorrotoa lapa-zorria.

Paul Valéryren itsasoa bezalakoa da gorrotoa, «beti bera, beti berritua». Baina gorrotoaz zer esan liteke esan ez denik? Badira gaiak galbana ematen dutenak. Gorrotoarena da bat. Gainera, jakin nuenean uztailean hauteskundeak ditugula berriro, erruz astundu zitzaidan galbana, eta hor hasi nintzen buru-zabuka beste gairen baten bila oiloa zizareen usnan bezala. Azkenaldian irakurritako libururen baten orri pasa egin; Tina Turnerren Open Arms entzun; geraniotik geraniora zebilen erleari erreparatu; hiztegiren bat hartu ea han...

Seko lehor nengoen.

Orotarikoa-n ikusitako aburrimendu hitzak atera ninduen trantzetik. Han agertu zitzaidan aburritu ere. Begiak antiparrik gabe eta belarriak argizaririk gabe baitauzkagu gaztelaniarentzat, aburrimiento eta aburrir etorri zitzaizkidan bisitan. Hiztegiak, ordea, argi gorria piztu zidan: adi, lagun faltsuak dira! Bi hitzek, baita aborritu eta aborrimendu-k ere, gorrotoaren adiera dute Orotarikoa-n ageri diren adibide guztietan; eta gorrotoak normalean luze irauten baitu, guztiz antzua izateaz gainera, aspergarria ere izan behar du, oraingoan aburritu lagun faltsuaren gaztelaniazko adieraren bidetik. Lapa baten irudia etorri zitzaidan. Bai, gorrotatzailearentzat aspergarria behar du gorrotatuaren bizkarrean lapa-zorri bihurtuta bizi beharrak. Gainera, gorrotoak gorreria du, ez du bere herraren matraka besterik entzuten. Aspergarria bezain inutila da. Alfer bat alper bihurtzerainokoa.

Berriro bete-betean sartua nengoen gorrotoaz zentzuzko zerbait esateko ahaleginean, baina ez psikologiatik baizik lexikoaren bidezidorretatik.

Gorroto gorria.

Hurbil nago etimologia gaietan tutik ez ulertzetik, baina hizkuntzen arteko joan-etorri eta harremanek oso lotura kuriosoak eragiten dituzte askotan. Eta iradokitzaileak ere bai: aburritu lekuko. Bide bertsutik, kuriosoa da ikustea nola gorroto eta korrupzio hitzek etimologia bera duten. Latinezko corruptum-etik datoz biak. Gorrotoak ustela du barrua, eta harrak sortzen eta berritzen baitzaizkio lapa zaharrari bezala, gorrotatzaileak gorrotatua usteldu nahi luke eta zabor bihurtu.

Gorrotoaz mintzatzeko, tradizioa, ahozkoa bezala idatzizkoa, bezalakorik ez. Tradizioak dioenez, gorrotoa ahuleziak sortua da, koldar baten sentimendua. «Herra, ahularen kolera» esaera jaso zuen Gure Almanaka-k. Alphonse Daudetek esaldi berbera darabil Gutunak nire errotatik liburuan: «La haine, c'est la colère des faibles». Nork nondik hartu zuen, ez dago jakiterik. Errefrauak ere, etimoak bezala —eta tradizioko pieza askoren gisa— batetik bestera ibili ohi dira: hizkuntza baten plazatik bestera eta baita ahozkotasunetik liburuetara ere (edo alderantziz).

Hasieran aipatutako «Abere gaiztoa da gorrotoa» esaldia, Refranes y sentencias errefrau-sortatik hartua, konparazio klasikoa da, baina baita irristakorra ere: animaliek ez dute gorrotatzen, ez baitute kontzientziarik. Guk bai. Gorrotoak, gure eguneroko harremanetan bezala politikan edo gerran ere, arazoak sortzen ditu beti, eta konpondu, berriz, ezer ez. Gorrotoak kalte egiten daki baina bumeran auto-kalte bat da. Itsutu egiten du: gorrotatzailea ilunpetan bizi omen da, Bibliak esana. Eta gorrotoaren koloreari dagokionez, gorria du, odolarena.

Baina ezagutzen ditudan gorrotoari buruzko esaldi, sententzia eta aipuen artean, Patxi Zubizarretak Poxpolo kaxa bat bezala liburuan esaten duena. Gerraz ari delarik, dio: «Gorrotoa heriotza mota bat da». Hilik bizitzeko modu bat alegia. Liburutik ahozkora, bihurtuko ahal dugu errefrau.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.